Auzoan kultur etxe bat izatea da bizilagunen aspaldiko aldarrikapena
Ekipamendu faltari aurre egiteko mugitzen ari dira Bidebietako bizilagunak. Orain, auzoan kultur etxe bat jartzearen aldeko kanpaina bat abiatu dute, eta laster hasiko dira sinadurak biltzen.
Bidebietan ez dago kultur etxerik, eta bizilagunek aspalditik salatzen aritu izan dira auzo bizitzari kalte egiten diola horrek. Hori dela eta, Bidebietako bizilagunen sarearen ekimenez, eta auzoko beste hainbat eragileren babesarekin, kultur etxearen aldeko kanpaina abiatu zuten apirila bukaeran, kartelak saltokietan banatuz.
Bizilagun sareko Jon Tamayok azaldu duenez, auzoko saltoki gehienek bat egin dute kultur etxearen aldeko kanpainarekin, eta kartela ikusgai jarri dute euren establezimenduetan; sare sozialetan argitaratzeko argazkiak ere egin dituzte, kanpainari babesa adierazteko. Horrela, laster bizilagunen sinadurak biltzen hasiko dira auzoko hainbat establezimendutan, eta ondoren eskakizuna Donostiako Udaletxera eramango dute.
450 metroko bidegorri zatia
Donostiako Udalak bidegorrien sarean barneratuko du Bidebieta auzoa. 450 metroko luzera izango du bidegorri zatiak, Bidebietako Opel kontzesionariotik Trintxerpeko Correosen bulegoraino. Ekialdeko Barrutiak onarturiko proiektuetako bat da, eta 2021eko udal aurrekontuetan txertatu zuten udal gobernuaren eta Elkarrekin Donostiaren arteko akordioari esker. Aurrekontua 414.016 eurokoa da, eta lau hilabeteko epea jarri dute eraikitzeko. Ondo bidean, urte bukaerarako eginda egotea espero du udalak.
Proiektuaren arabera, Trintxerpeko Azkuene kalearen parean izango du abiapuntua bidegorriaren zatiak, Herrerarekin lotzen den bidegorria bukatzen den puntuan. Ibilbidea Pasai San Pedro hiribidearen paraleloa izango da, Colombine kalera iritsi arte. Puntu horretan, aldi bereko eremu batetik igaroko da, Joan XXI.aren etorbidearekin bat egin arte, Bidebietan.
Bidegorriak gaur egungo antolamenduarekin bat egingo du, lehen 120 metroak ia horizontalak baitira. Pasai San Pedro hiribidea zeharkatu ondoren, trazadura igotzen hasiko da, %6tik beherako maldarekin. Trazaduraren azken 50 metroetan malda handiagoa izango du: %7,40 azken zatiaren lehen erdian eta %11,32 azken 25 metroetan. Lehenengo 300 metroko bidegorria bizikletentzat bakarrik izango da, eta 2,50 metroko zabalera izango du trazaduraren zatirik handienean.
Bidebietako bizilagunak pozik daude erabakiarekin. Izan ere, auzotarren aspaldiko beste eskaeretako bat da. Eraikiko den zatia txikia dela iruditu arren, aurrerapauso bat dela aitortu du Tamayok. Eraikiko den bidegorri lotura honekin batera, bada beste bat bizilagunek eskatzen dutena; Mirakruz gainetik Intxaurrondoko Zubiaurre pasealekuko bidegorrira bitartekoa. Dena dela, 2024ra arte ez da aurreikusten lotura hori bideratzea.