'Auzolotsak' atal berria sortu dute Irutxuloko Hitzak eta Barrexerkak
Beti dago bat Donostiako auzoetan, auzolotsa ematen duena. Auzoz auzo ibiliko da Barrexerka, eta hiriko txoko guztietako pertsonaiak aurkeztuko dizkigute: auzolotsa sentituko dugu.
Barrexerkak eta Irutxuloko Hitzak Auzolotsak izeneko atal berria sortu dute. Esketx sorta bat izango da, eta hilabetean behin Donostiako auzo batean izango dira Barrexerkakoak auzo bakoitzeko pertsonaiak ezagutu eta barrea eragiteko. Gros auzoan estreinatuko dute atala: “Lehen esketxean erakutsiko ditugu Grosen aurkitu daitezkeen pertsonaia motak, pixka bat estereotipoetara jotzen, beti bezala”, azaldu du Maialen Sorzabalberek.
Maiatzaren 25ean zabalduko dugu lehen atala, 12:00etan, Irutxulo.hitza.eus webgunean.
“Ingurukoetaz barre egiten ez baduzu, agian kontua da ingurukoek zutaz egiten dutela barre. Beraz, ikusi, eta konturatuko zara zu horietako bat zaren edo ez”, esan du Mikel Irazustak.