Bigarren mailara igotzeko aukera bikaina du Sansek
Sanseko jokalariak, Andorraren aurkako partidan. (Argazkia: Reala) FC Andorra garaitu ostean, Realaren bigarren taldeak Algecirasen aurka jokatuko du larunbatean igoerako playoffeko azken partida, Almendralejon (Extremadura). Xabi Alonsoren jokalariek partida irabazi ezkero, bigarren mailan jokatuko dute txuri-urdinek datorren denboraldian.
Realaren lehen taldeak, bestalde, larunbatean Osasunaren aurka jokatuko du Iruñean ligako azken partida. Bosgarren postuan daude txuri-urdinak, Europa Ligan sartzeko postuan, eta horri eusteko irabazi egin beharko dute Imanol Alguacilen mutilek. Vila-real eta Betis ditu atzetik Realak; 59 puntu dituzte donostiarrek, eta 58 bi jarraitzaileek. Betisek Vigoko Celtaren aurka jokatuko du, eta Vila-realek, berriz, Real Madrilen aurka. Igor Zubeldiak positibo eman zuen atzo azken PCR proban, eta ezingo du partida jokatu.
Realeko neskek, berriz, Atletico Madrilen aurka jokatuko dute igandean Zubietan; ligako bigarren postuan daude madrildarrak, eta donostiarrak, berriz, laugarren. Hirugarren postua da Txapeldunen Ligarako txartela ematen duen azken postua, eta Levante dago postu horretan. Valentziarrek 63 puntu dituzte, eta Realak, berriz, 54; hala ere, donostiarrek partida bat gutxiago jokatu dute. Bost partida geratzen zaizkie Natalia Arroyoren jokalariei denboraldia amaitzeko.
Eskubaloian, Bera Berak Kanariar Uharteetara egin du bidaia Erreginaren Kopa jokatzeko; gaur dute lehen partida, Malagaren aurka, eta irabazi ezkero finalerdietara pasako dira. Finalerdietara pasa ezkero, Granollersen edo Elxen aurka jokatu beharko dute. Liga irabazi dute jada donostiarrek, eta maiatzaren 29an jokatuko dute txapelketa honetako azken partida etxean, Granollersen aurka.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek denboraldiko azken partida jokatuko du igande honetan Andorraren aurka. Duela bi jardunaldi matematikoki jaitsi ziren bigarren mailara donostiarrak, eta datorren denboraldian saskibaloiaren maila gorenera itzultzeko borrokatuko dute.
ESKUBALOIA
Erreginaren Kopa, final laurdenak
Malaga – Bera Bera (Ostirala, 16:00)
FUTBOLA
Bigarren mailara igotzeko playoff finala
Reala – Algeciras (Larunbata, 22:00)
Emakumezkoen lehen maila, 30. jardunaldia
Reala – Atletico Madril (Igandea, 14:00)
Gizonezkoen lehen maila, 38. jardunaldia
Osasuna – Reala (Larunbata, 18:00)
SASKIBALOIA
Gizonezkoen lehen maila, 36. jardunaldia
Andorra – Gipuzkoa Basket (Igandea, 18:30)

