Metroaren lanetako azken zuloa aurrekoen laukoitza dela baieztatu du Euskal Trenbide Sareak
Maiatzaren 7an aurkitu zuten Donostiako Metroaren lanetako hirugarren zuloa, Kontxako kabinen inguruan. Handik gutxira, EH Bilduren udal taldeak salatu zuen aurreko bi zuloak baino handiagoa zela; egun hartan, koalizio abertzaleak 100 metro kubikoko zuloa zela adierazi zuen, eta orain Euskal Trenbide Sareak adierazi du zuloa 138 metro kubikokoa dela, aurreko bien laukoitza. Izan ere, lehen bi zuloak 20 eta 30 metro kubikokoak ziren.
Gaur egin dute metroaren lanen jarraipenerako batzordearen bilera, eta Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak salatu du erakunde publikoetatik herritarrei helarazitako informazioa “eskasa eta egia erdiez” jositakoa dela; Eneko Goia alkatea ez da joan batzordearen bilera honetara. Horrez gain, Donostiako Udala zulo honi garrantzia kentzen saiatu dela adierazi du Alkizak, eta, amaitzeko, behin behinekoz lanak geratzea eskatu du, eremuaren azpiko lurra benetan nolakoa den esango duen sakoneko analisi bat egin arte.
Bestalde, Elkarrekin Donostiak adierazi du Eneko Goia alkatearen agertzea eskatu du, eta Euskal Trenbide Sarearen gardentasun falta salatu du.