Etxadi kiroldegiko taberna kudeatzeko eskaintzak aurkezteko epea ireki dute
Etxadi kiroldegia. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Donostiako Udalak argitaratu ditu dagoeneko datozen lau urteetan Etxadi udal kiroldegiko taberna kudeatzeko baldintzak, eta eskaintzak aurkezteko epea ireki du. Kudeaketaren adjudikazioa jasotzen duena aurtengo udako denboraldiaren amaieran hartuko du tabernaren ardura, eta taberna irekitzeko gutxieneko ordutegia bermatu beharko du, kiroldegiaren funtzionamendu ordutegia errespetatuta. Eusko Jaurlaritzaren kontratazio publikoen plataformaren bidez hartu daiteke parte lehiaketa publikoan, ekainaren 15a baino lehen.
Tabernaren kudeaketa eskuratzeko, beharrezkoa izango da gaztelania eta euskara menderatzea, eta adjudikazioa lortzen duenak egunerokotasunean lehentasuna eman beharko dio euskararen erabilerari. Horrez gain, tabernan nutrizio baldintza jakin batzuk betetzen dituzten produktu osasungarriak saltzeko hiru makina jarri beharko ditu, eta azukrea eta kafea bidezko merkataritzaren bidez erosi beharko ditu. Hondakinak kudeatzeko eta murrizteko baldintza jakin batzuk ere bete beharko ditu. Era berean, hilean 200 euroko kanona ordaindu beharko du gutxienez.

