San Martin kaleko behin-behineko bidegorria irekita dago
Asteburutik erabilgarri dago San Martin kaleko bidegorria. Urbieta kalearen eta Foruen pasealekuaren artean dago, eta behin-behinekoa da. Artzain Ona katedralaren inguruko eremua oinezkoentzat egiteko proiektua nolakoa izango den erabaki arte mantenduko dute bidegorria. Orduan erabakiko dute behin-betiko bihurtzea edo bide hori beste leku batera mugitzea.
“Obra garaia da Erdialdean, eta egiten diren aktuazioak behin-behinekoak dira, neurri batean. Aukera hau baliatu nahi dugu San Martin kaleak etorkizun ertainean izan dezakeen konfiguraziora hurbiltzeko. Bidegorri baten bidez hasi gara hori egiten, eta uste dut bidegorri garrantzitsua izan daitekeela, hiria gurutzatzeko oso egoki izan daitekeelako”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
Kritikak jaso ditu
Kalapie elkartea kritiko agertu da San Martin kaleko bidegorriarekin. 2,2 metroko zabalera izango duela salatu zuten pasa den astean sare sozialetan, eta Gernikako Arbola pasealekuko bidegorriarekin konparatu zuten. Izan ere, bidegorri horren zabalera 3 metrokoa da.
Bestelako kritikak ere jaso ditu, baina ez bidegorriarengatik. Kale horretan bidegorria ez ezik, egoiliarrentzako aparkalekuak jarri dituzte, eta hori “lotsagarria” dela adierazi dute hainbatek sare sozialetan. Kale horretan bizi direnei etxe parean aparkaleku bat erraztu dietela salatu dute.