Donostiako Errepublikarrek Ategorrietako sarraskia gogoratuko dute bihar
Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik 90 urte beteko dira bihar, eta Donostiako Errepublikarrak elkarteak sarraskian eraildako zazpi langileak, zaurituak, eta haien senideak gogoratuko ditu. 18:30ean Ategorrietako erlojuaren ondoan egingo dute lore eskaintza, Fato Cultural Daniel Castelao elkarte pasaiarrarekin batera. Donostiako Ezker Anitza alderdiak bat egin du omenaldi horrekin.
Beste hainbat eragilek ere omenaldiak egingo dituzte: EH Bilduk, Kontseilu Sozialistak, eta Ategorrieta Gogoan plataformak, hain zuzen ere.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira, Ategorrietako sarraskia gertatu zen: Donostian izan den langileen aurkako sarraskirik handiena. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietan eraildako langileetako bat Jose Novo zen, eta bere iloba Cristina Novori elkarrizketa egin dio Irutxuloko Hitzak.