Altzako kiroldegiak eztabaida piztu du osoko bilkuran
Donostiako Udalak urte bukaerarako aurreikusten du orain Altzako kiroldegi berria irekitzea. Horren arrazoiak argitzeko asmoz, EH Bilduk kontrol mozioa aurkeztu du maiatzeko osoko bilkuran. Zigor Etxeburua zinegotziak egindako adierazpenak eta eskaerak ez ditu ondo hartu udal gobernuak. Duñike Agirrezabalaga Obra eta Proiektuetako zinegotzia eta Martin Ibabe Kirol zinegotzia modu oso kritikoan erantzun diote. Egoera horrek eztabaida sortu du udal batzar aretoan udal gobernuaren eta oposizioaren artean.
“2016ko azaroaren 16tik, kiroldegirik gabe daude altzatarrak. 2019ko irailean, EH Bilduk eskatu zuen Altzako kiroldegi berriaren lanei jarraipena egiteko batzordea berrabiatzea. Udal gobernuak eskariari uko egin zion kiroldegiaren lanek ez zutela jarraipen berezirik behar argudiatuta. Kiroldegiak 2021. urtearen hasierarako irekita egon behar bazuen ere, gobernuak hiru aldiz atzeratu du kiroldegiko lanak amaitzeko epea; hau da, lau data ezberdin eman ditu lanak amaitzeko. Gauzak horrela, Udal Gobernuak ez du urte honen amaierara arte irekiko kiroldegi berria”, azaldu du Etxeburuak.
Hori dela eta, udal gobernuari bost eskaera egin dizkiote kontrol mozioaren bidez: bilera ireki bat antolatzea Altzako herritarren kezkei eta beharrei erantzuteko, kanpoko igerilekuak egiteko lanak lehenbailehen adjudikatzea, Acciona-Altuna y Uria obra arduraduei isunen bat jartzeko aukera aztertzea atzerapenengatik, sei hilabetez luzatzea bazkide abonuaren sarrera ordaintzetik salbuesteko aukera, eta Altzako Eraikuntza Eskolan behin-behinean jarritako udal gimnasioa irekita mantentzea. EH Bilduk, Elkarrekin Donostiak eta PPk bost eskaerak babestu dituzte. Aldiz, EAJren eta PSE-EEren zinegotzien bosten kontra bozkatu dute.
Aurka egiteko arrazoiak Agirrezabalagak eta Ibabek eman dituzte, eztabaidaren tonuak gora egiten zuen bitartean. “Mozio hau egin duzue irudikatzeko udal gobernu honek ez duela Altzako kiroldegiaren lanen gaineko kontrolik. Batzordeetan adierazi nuen bezala, kontratuak aldatu egiten dira aurreikusi gabeko gauzak gertatzen direlako. Legeak baimentzen duenez, aukera hori baliatu dugu. Ez dio kapritxo politiko bati erantzuten, arrazoi teknikoei baizik. Gure asmoa da kiroldegirik onena egitea Altzako biztanleentzat. Diru gehiago eta denbora pixka bat gehiago behar bada horretarako, prest gaude sakrifizio hori egiteko”, azaldu du Agirrezabalagak.
Ibabek hitza hartu duenean harrotu dira hautsak. Erasokor aritu da Etxeburuak adierazitakoen kontra. “Ekialdeko Barrutia guk oso serio hartzen dugu, bestela ikus dezagun zenbat inbertsio egin dituzten eremu horretan beste udal gobernu batzuek [EH Bildurenari erreferentzia eginez]. Altzako kiroldegiaren aferari irtenbidea guk eman diogu. Lanak 2015eko udan hasiko zirela orduko Kirol zinegotzi Josu Ruizek esan zuen, EH Bilduren agintaldian. Horrez gain, Loiolako Erriberako eta Zuhaiztiko kirol instalazioen kudeaketa eredua kritikatzen duzue, baina gero beste herri batzuetan antzeko kudeaketa ereduak onartzen dituzue; Oiartzunen, adibidez”, esan du Ibabek.
Adierazpen horiek udalbatzarra hainbatetan moztu dute, eta Eneko Goia alkate eta osoko bilkurako presidenteak moderatu behar izan du. Ibaberi txanda bere osotasunean erabiltzeko eskubidea eman dio. Ondoren, Etxeburuak “tranpa” egitea egotzi dio Ibaberi, eta hori “oso itsusia” dela. Izan ere, Kirol zinegotziak mozioan agertzen ez diren gauza batzuei egin die erreferentzia: “Aipatu duzun horrek moziotik kendutako puntu bati egiten dio erreferentzia, beraz, lekuz kanpo dago. Dena dela, kirol instalazioen kudeaketari dagokionez, eredu pribatizatzailea duzue, eta hori justifikatu nahian zabiltza. Zuen ohiko jarduna da, oso eskuinekoa”.
Agirrezabalari ere erantzun dio Etxeburua, errespetua eskatuz. “Harrokeria puntu batekin aritu zara, eta Altzan bost urte daramatzagu kiroldegirik gabe. Auzotarrak zain daude, osasunerako garrantzitsua delako, eta baita ekonomiarako ere”. Azken hitza udal gobernuak izan du –udalbatzarren araudia aldatu zuten horrela izan zedin–, eta Agirrezabalagak erantzun dio Etxeburuari: “Egia esaten ari banaiz, harrokeria gutxi dago hemen. Aurreikusi gabeko gauzak dira, eta akaso gauza horiei baino auzoko pintaketa zein erasoei eman beharko diegu buelta bat”.