Egiako trenbide gaineko pasabidea ekainaren 1ean itxiko dute
Norteko geltokia Abiadura Handiko Trenaren geltokia bihurtzeko lanak aurrera doaz, eta ekainaren 1ean Egia eta Erdialdea lotzen dituen trenbide gaineko pasabidea itxiko dute. Lur azpiko pasabidetik joan ahalko da soilik alde batetik bestera udan. Irailean hori ere itxi egingo dute, eta Terminus hotela eta Mandasko Dukearen pasealekua lotuko dituen goiko pasabide bat eraikiko dute, eskailerekin eta igogailuarekin. Izan ere, laster hasiko dira behin-behineko geltoki berria eraikitzen; 2022ko udan amaitzea aurreikusten dute. Behin-behineko geltokiak eskailera finkoak eta igogailua izango ditu, eta Nestor Basterretxea plazan izango du sarbidea.
“Atotxako geltoki berria Norteko geltokiaren eta Tabakalera inguruaren egungo arkitekturan txertatzen da, eta, aldi berean, garraiobide ezberdinen arteko lotura bultzatuko du: aldiriak, abiadura handia eta autobusak. Gainera, trenbide zabalgune berriaren gainean, Tabakalerako eraikinaren lehen solairuaren parean, eraikiko den estalkiarekin, 5.723 m²-ko azalera duen espazioa sortuko da, eta herritarrek erabiltzeko eta gozatzeko plaza publiko bihurtuko da. Eraikinetik bertatik zuzeneko sarbidea izango du”, azaldu du Euskal Trenbide Sareak.