Osakidetzako garbiltzaile azpikontratatuak lan hitzarmen duin baten alde mobilizatu dira
Ospitalearen aurrean elkarretaratu dira Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuak, euren greba egunean. (Argazkia: Beñat Parra) Greba eguna dute gaur Osakidetzako garbitzaile azpikontratatuek, eta goizean lan baldintza duinak bermatuko dizkien hitzarmen baten alde elkarretaratu dira Donostiako ospitalearen aurrean. Funtsezkoak bagara, baldintza duinak lelopean mobilizatu dira, eta salatu dute hiru urte daramatzatela lan hitzarmen kolektiboa negoziatzen: “Enpresekin akordio batera iristetik urrun jarraitzen dugu. Are gehiago, negoziazioek hilabeteak daramatzate blokeatuta, ez dago aurrerapausorik. Enpresek ez dute negoziatzeko borondaterik”.
Era berean, ELA sindikatuko Ane Alberdik salatu du %100eko zerbitzu minimoak jarri dizkietela greba egunean: “Soilik greba egunean ari dira betetzen zerbitzuaren %100, normalean %80 inguru betetzen baitute”. ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK bat egin dute grebarekin, eta batasun sindikalaren alde egin dute.
Garbitzaileen egoera aurretik txarra bazen, pandemiarekin okertu egin dela nabarmendu dute: “Osakidetzako zentroetako garbiketa zerbitzuko langileok urtebete baino gehiago daramagu lehen lerroan, osasun jarduera garatu ahal izatea ahalbidetuz, gure eta gure gure hurbilekoen osasuna arriskuan jarriz. Hala ere, gure lanaren funtsezkotasuna aitortu arren, gure zeregina ez da baldintza duinekin saritu. Txaloekin eta dominekin ez gara konformatu behar. Jasotako aitorpen hori Osakidetzak eta enpresek ekintzetan bihurtu behar dute”.
Horrela, aldarrikapen zehatzak egin dituzte: “2012ko Garapen Profesionalera sarbidea izatea, lanpostu hutsen betetzea arautzea, txanda kontratuari lotutako erretiro partziala hartzeko aukera bermatzea, osasun zentroetan ere lantalde akordioak ezartzea, absentzieak betetzea eta zerbitzua publiko egitea, enplegua bermatzeko”.
Alberdik garbitzaileen egoeraren berri eman dio hedabide honi:

