Emakume migratuen borroka, eredu
Lumaltik Herriak euskal antolakundeak Erdialdeko Amerikako emakumeekin elkarlanean formakuntza tailerrak antolatu ditu, ikuspegi feminista eta antiarrazistarekin. "Emakume migratuen kolektiboak elkartasun internazionalistarako zubiak dira mugimendu feministaren barruan", antolakundearen arabera.
Lumaltik Herriak komunitate zapatisten autonomia eraikitzeko prozesua babesten duen euskal antolakundea da. “Erresistentzia egiten ari den komunitate indigena laguntzen dugu egunerokoan, eta lurraldea defendatzen duten emakumeek jokatzen duten rolaren garrantziaz ohartu gara: ez dute soilik natura babesten, baita gorputzak babestu ere”.
GKEak Erdialdeko Amerikako lurraldea “defendatzen duten borrokak” aitortzen dituzte, eta hango emakumeekin daukaten harremanak ikasketa adierazgarriak eman dizkiete: “Akademiaren barruan eta kanpoan, sentimenduetatik eta jakintzetatik abiatuta”. Logika hori jarraituz, formakuntza prozesu bat aurkeztu dute Donostian, herri hezkuntza feministaren metodologian eta bizitako esperientzietan oinarrituta: denetariko emakumeen arteko zaintza eta sendaketa kolektiboko espazioen alde egiten dute.
Bateko eta besteko borroken arteko zubia
Hemengo eta Erdialdeko Amerikako antolakundeen eta borroken arteko zubiak eraiki ahal izan ditu Lumaltik antolakundeak, eta prozesu horren alde nagusi bat emakume migratu eta arrazializatuen antolakundeekin partekatzen dituzten borrokak batzean datza. “Lurraldea defendatzeaz ari garenean ez gara geografiaz ari soilik: geure eskubideak, militantzia esparruak eta feminismoak defendatzeaz ere ari gara. Defentsa horretan asko dugu ikasteko Erdialdeko Amerikako emakume migratu eta arrazializatuez; horietako asko dagoeneko euskaldunak dira, eta gizarteak oraindik ukatu egiten ditu”, azaldu dute.
Emakume migratu eta arrazializatuen ekarpenak “ezinbestekoak” iruditzen zaizkie alternatibak eraikitzeko. Lumaltik barruan ikusi dute Guatemalako, Nikaraguako, El Salvadorreko, Hondurasko eta Mexikoko emakume migratuen inplikazioak Euskal Herriko Mugimendu Feministaren hausnarketak “aberastu” dituela: “Emakume migratuen kolektiboak elkartasun internazionalistarako zubiak dira mugimendu feministaren barruan. Erdialdeko Amerikako prozesu emantzipatzaileekin aliantzak osatzea onartzen du beraien konpromiso ekintzaileak”, azaldu dute.
Gainera, Mendebaldeko feminismoaren ereduak “askotan kanpoan utzi du” beste feminismo batzuen ikuspegia, antolakundearen arabera. Erdialdeko Amerikako emakumeek “beste ikuspegi eta borroka molde batzuk” erakutsi dituzte, eta komunitatea defendatzen duten emakume horien bidez ahalduntzeko “hainbat gako” jaso dituzte: “Beraien zaintza estrategia, bai pertsonala, bai komunitate mailakoa, baita naturarekin duten loturarena ere”, azaldu dutenez.
“Ikuspegi feministak eta antiarrazistak ez du soilik eragiten pentsamolde eta praktika patriarkal eta kolonialen erreprodukzioa berrikustea, hemengotzat jotzen ez ditugun emakumeekin modu horizontalean erlazionatzea baizik. Horretarako prest gaude? Geure pribilegioak aztertu behar ditugu. Emakume migranteak beraien jatorria ahaztera derrigortzen dituen integrazioa birpentsatu behar dugu, eta emakume migratu eta arrazializatuek zuzendutako espazioak behar ditugu, betiko botere harremanak buelta eman dezan eta besteen bizipenekin ikas dezagun”, esan dute.
Ikusgarritasuna ematen
Sentimendu, jakintza eta ikasketa horiei guztiei ikusgarritasuna eman die Lumaltikek Donostian, Mutrikun, Deban eta Oñatin egin dituzten denetariko jardueretan. Arte erakusketak, hitzaldiak, Latiendo con la tierra liburuaren aurkezpena, eta bestelako jarduerak egin dituzte. Duela gutxi Deba eta Oñatiko talde feministekin Lurraldea Defendatzeko Rap Feminista egin zuten, Rebeca Lane eta La Furiak dinamizaturik.
Apirilean eta maiatzean lurraldea defendatzeko tailerrak egin zituzten ikuspegi feministatik, musikaren bidez. Batetik, rap musikaren alde aldarrikatzailea eta emakumeen historian daukan lekua aztertu zuten, baita musikaren bidezko lurraldearen eta gorputzen defentsa aldarrikatu ere. Ahalduntzera eta isildutako ahotsak plazaratzera begira ere egon ziren tailer horiek: ondoren grabatu zituzten abesti batzuen edukia atera zuten horrela. “Abesti indartsuak dira, eta feminismo pluralaren eta ekosistemaren babesaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan oinarrituta daude”, azaldu dute. Jarduera horien emaitzak www.defensoras.org webgunean ikus daitezke.