Hondartzainek Kontxako edukiera kontrolatuko dute aurten ere
Hondartzain bat, iaz, Kontxako hondartzan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Ekainaren 15ean hasiko da hondartza denboraldia, eta pandemia egoera dela eta, aurten ere hondartzainak jarriko ditu Donostiako Udalak. Soilik Kontxako edukiera kontrolatuko dute hondartzainek, Cervantes plazako arrapalatik, erlojuetakotik eta Eguzki ondoko eskaileretatik. Zerbitzua denboraldia amaitu arte, irailaren 30era arte, izango da martxan.
Kontxako edukiera udalaren webgunearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren web aplikazioren bidez ezagutu ahal izango dira, Igeldon eta Urgullen jarri dituzte bideometria kamerek ematen dituzten datuak baliatuz. Erabiltzaileek edukiera datuak kontsultatu ahal izango dituzte hondartzetara joan aurretik, hiriko zein hondartzatara joan erabakitzeko.
Era berean, Kontxako sarbide nagusietan banderatxoak jarriko dituzte aurten ere, edukieraren berri emateko: bandera berdea dagoenean, sarrera librea izango da eta bandera gorria dagoenean (itsasgorarekin, batez ere), sarrera mugatua izango da.
Hondartza guztietan maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, eguzkia hartzerakoan eta uretara sartzerakoan izan ezik; kasu horietan, aldiz, gainontzeko erabiltzaileekiko segurtasun distantzia mantendu beharko da. “Hondartzan ere kutsatzeak eman daitezke”, gogoratu du udalak.

