Maialen Berasategiren 'Eskuan beti zerbait' poema liburua argitaratu dute
Maialen Berasategi idazle, zuzentzaile eta itzultzaileak idatzitako lehen poema liburua da Eskuan beti zerbait. IV. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa irabazi zuen martxoan, eta liburua argitaratu dute dagoeneko.
Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua, ogibidez zuzentzailea eta itzultzailea Berria egunkarian. Zenbait liburu euskaratu ditu: literaturan, Rebecca Westen Soldaduaren itzulera eta Adrienne Richen poema bilduma bat. Hauxe izango du lehen sormen lana.
Poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko bokazioarekin sortu zuten Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak Donostia Kultura Poesia Lehiaketa. 2018an, saria Esti Martinez Diaz de Ceriok irabazi zuen Azalberritze bat lanarekin. Bigarrena 2019an egin zen, eta Gorka Salcesek eskuratu zuen saria Iraganaren izterrak obrarekin; finalista izandako Elena Olavek Zeldak poema liburua kaleratu zuen geroago. Iaz, 2020an, Lizar Begoñak lortu zuen Aro beilegia poema liburuarekin III. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren saria.