San Martin kalearen zati handi bat oinezkoentzat eta bizikletentzat ireki dute
Donostiako Metroaren lanen eraginez, iaztik itxita egon da San Martin kalea. Gaur eguerdian, kalearen zati handi bat ireki dute oinezkoentzat eta bizikletentzat. Zehazki, Urbieta eta Hondarribia kaleen arteko tartea da zabaldu dutena. Artzain Onaren Plazaren aldeko espaloia berreskuratu eta bidegorri zati bat jarri dute. Pasa den asteburuan ireki zuten beste bidegorri zatiarekin bat egiten du, Urbieta kalearen eta Foruen pasealekuaren artekoarekin.
Hilabeteak behar izan dituzte, Erdialdea-Kontxa zatiaren geltokiko sarbideko lanak egiteko. San Martin kalean piloteen pantailak jartzeko lanak egin dituzte. Dena dela, obra ez dute bukatu. San Martin kaleko arkupetik hurbilen dagoen erreia obrara sartzeko erabiliko da. Izan ere, udan zehar Loiola kaleko kanoia hondeatzeko lanei ekingo diete. Piloteak gauzatu ondoren egindako hormigoizko estalkiaren azpian egingo dira hondeaketa lanak. Hau da, Xabier Zubiriko sarbideko hondeaketa lanetan egin zen antzera.
Euskal Trenbide Sarearen lanek aurrera egin ahala, okupatutak lursailen zati batzuk berreskuratuko ditu hiriak.