Udako soinu banda

Hondartza erdia motxilan, eta beste erdia oinetan. Eguzkitako betaurrekoak jantzi, eta “izozkia ala pote bat?”, ondokoari. Hondartzako karta jokoaren nondik norakoak, gabarroiko jauziak eta azken berriak ahotan, beste soinu bat nabarmendu den arte. Biolin soinua. Nahiz eta izena edo konpositorea nor den ez ezagutu, abestia ezaguna da. “Hau bai giroa!”, lagunari. Biolin jotzaileari txanpona eman, eta aurrera. Horrelakoak izaten dira donostiar askoren udako arratsaldeak, baina aurtengoa desberdina izango da, besteak beste, kalean emanaldi txikiak eskaintzen dituzten artistek baldintza zorrotzak bete beharko dituztelako. Hala ere, denok izango dugu aukera kalean geratu –distantziak mantenduz–, eta kaleko artisten emanaldiez gozatzeko.