Ategorrieta Gogoan plataformak 1931n eraildakoak omendu ditu
Ategorrietako sarraskia gogoratzeko, Donostia ekialdean bizi diren zenbait gaztek Ategorrieta Gogoan plataforma sortu dute, eta gaurko hainbat egitasmo antolatu dituzte, “Ategorrieta inguruko bizilagunok gertakarien berri izateko eta gure auzo eta herrien langile izaerari eta egungo egoerari buruz hausnartzeko”.
Josetxo Otegi historialariak Ategorrietako sarraskiari buruzko hitzaldia eman du, eta gero, Ategorrietako erlojuan sarraski hartako biktimei omenaldia egin diete, poesia, dantza eta musikaz lagundurik. Uliako mintegietako parkean bazkaldu dute, eta eztabaida irekia egin dute, memoria historikoa eta Donostia ekialdeko auzoen ezaugarriak hizpide hartuta. Mahai inguru horretan Araitz Rodriguez antropologoa, Jon Ander Agirre arkitektoa, Felix Garziandia ekonomialaria, Josetxo Otegi historialaria eta auzogintzan dabiltzan hainbat bizilagun izan dira. Zuzeneko musika izan dute, Chicho Sanchez Ferlosioren doinuak eskaintzen dituen De Chicho bikote akustikoarekin eta askotariko kantak prestatu dituen Bertsioen txikizioa taldearekin.
Ostegunean 90 urte bete ziren Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik. 1936ko gerra eta frankismoko fusilamenduak kontuan izan gabe, XX. mendean Euskal Herrian langileen aurka izandako sarraskirik handiena izan zen Donostiakoa: Guardia Zibilak zazpi langile hil eta dozenaka pertsona zauritu zituen.
Espainiako Bigarren Errepublika aldarrikatu eta aste gutxira gertatu zen Ategorrietako sarraskia. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzea eskatzen zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
Ategorrietako sarraskiari buruzko erreportaje interesgarria idatzi dugu Josetxo Otegi historialariaren ezagutza oinarri hartuta, eta Ategorrietan eraildako Jose Novo arrantzalearen ilobari elkarrizketa egin diogu.