"Sortzaileak ez dira soilik musikariak eta antzezleak: edonor izan gaitezke"
Gazte Sortzaileen Eguna da gaur Parte Zaharrean. Goizean mural bat margotu dute Ikatz kalean, eta arratsaldean literatur liburuxka aurkezteaz gain musika izango da Trinitate plazan. Haizea Iartza eta Peru Lizaso Sorkuntza Txokoko kideak elkarrizketatu ditugu.
Zer da Sorkuntza Txokoa?
Haizea Iartza (H.I.): Berrogeialdian sortu genuen, ikusi genuelako bakoitza bere etxean sartuta zegoela, nahiko isolatuta, sozializatzeko aukerarik gabe. Aisialdirako aukera sortu nahi genuen, eta gazte sortzaileek beraien sorkuntzak partekatzeko aukera izateko Sorkuntza Txokoa; kultura zegoen moduan ikusita, ez zeukaten beste aukerarik partekatzeko.
Peru Lizaso (P.L.): Orain neurriek baimentzen dutenez kalean zerbait duina egitea, pentsatu genuen duela hiru bat hilabete elkartzea. Bi astean behin elkartzen ginen Arrano elkartean, sortzeko. Norbera bere alorrean ibiltzen zen: idatziz, musika jotzen, abesten eta marrazten. Azkenean erabaki genuen inflexio puntu moduan gaurko eguna antolatzea auzo gazte sortzaileek merezitako espazioa emateko.
Literatur liburuxka bat ere ondu duzue. Parte Zaharreko gazteek idatzi duzue?
H.I.: Hasieran ez genekien noraino zabaldu hau, berez auzora mugatu nahi genuen, baina egia da auzokoa ez den jendeak ere parte hartu duela. Nahiko irekia izan da alde horretatik. Eta bai, batez ere auzoko gazteek idatzi dugu. Denetik biltzen du: poesia, bertsoak, hausnarketak, aforismoak, ipuinak…
P.L.: Gainera, nabarmentzekoa da sortzaile edozein pertsona izan daitekeela, eta azpimarratzekoa da zenbat jendek hartu duen parte. Sortzaileak ez dira soilik musikariak eta antzezleak: edonor izan gaitezke.
H.I.: Txoko hau da aukera bat inoiz sortzera ausartu ez den pertsona bat horretara jartzeko.
Sorkuntza horiek elkarbanatzeko plaza da Gazte Sortzaileen Eguna?
P.L.: Horrela da. Egitarauan ikus daitekeen moduan, literatur liburuxkaren aurkezpena egingo dugu, eta hor nahi duenak bere sorkuntza partekatu diezaguke: hori izango tokia bakoitzak bere sorkuntzak partekatzeko.
H.I.: Mikro irekia ere jarri dugu, animatzen den edozein atera dadin nahi duena egitera.
Kontzertuak ere izango dira?
H.I.: Mugan taldea izango da, eta Musika Kalean taldeak ere joko du.
P.L.: Musika Kalean talde berri bat da, eta auzotarrek dago osatuta. Ondoren, DJ bat ere izango da.
Gazteek sortzeko grina dute?
P.L.: Proiektu hau sortu genuenean kezka hori genuen: ez genekien auzotarrek erantzungo zuten ala ez. Baina egitarau duina osatu dugu, ostiraletan nahikotxo jende bildu gara, eta guk uste dugu baietz.