Hau Egia da!
Bi urte. Erraz esaten da bi urte igaro direla Hau Egia Da! egitasmoa martxan jarri genuenetik. Erraz esaten da, baina zail da egiten. Egiten, garatzen, sortzen, nahasten, antolatzen…
Egitasmoa lerro hauen bitartez ezagutzen ari bazara, labur esanda, Hau Egia Da! egitasmoa kulturartekotasuna ardatz hartuta Egia auzoko kultur aniztasuna landu nahi duen egitasmo bat da; espazio berriak sortu, auzotar ezberdinak ezagutu, saretu, eraldatu…
Eragile eta norbanako ezberdinak ari gara lanean, bakoitza bere lan egiteko modu eta ikuskerarekin, bere alde on eta txarrekin. Baina, denak gabiltza auzoa eraldatzeko norabide berdina topatu nahian. Etengabeko hausnarketa prozesuetan; nondik, norentzat, zergatik, zertarako…nork bere burua nahiz proiektua bera ikusiz, berrikusiz, zalantzan jarriz. Lantzeko ertz ugari dituen egitasmoa da Hau Egia Da! eta pixkanaka ari gara horretan.
Maiatzaren 21ean Kultur Aniztasunaren Nazioarteko eguna izan zela gogoratuz, lerro hauek aprobetxatu nahiko genituzke kultur aniztasunaren eta hizkuntzaren arteko hausnarketa bat egiteko.
Proiektuan gauza asko jarri nahi ditugu erdigunean, eta ez dugu horiek mailakatzeko inongo asmorik. Baina, erdigunean jarri nahi ditugun auzi guzti horiek nola gurutzatzen diren eta gurutzaketa horiek nola landuko ditugun arretaz pentsatzea ezinbestekoa izango da. Erdigunean jarritako ideia batek garrantzia galtzen duenean, erdigune izateari uzten baitio, eta beraz, bigarren planora pasatzen da, eta beraz, proiektuak zentzuaren zatia bat galtzen du.
Bada, erdigune horretan jarri dugun gauzetako bat hizkuntza aniztasuna izan da eta, nola ez euskara. Nahiko genuke euskara izatea auzotar guztion arteko kohesiorako hizkuntza, eta auzora iritsi berrientzako harrera hizkuntza. Donostian ere hala izatea nahiko genuke.
Guk antolatutako egitasmoetan jartzen eta jarriko ditugu beharrezko diren baliabideak hizkuntza eskubideak errespeta daitezen; xuxurlariak, itzultzaileak, euskarri eleaniztunak… Baina argi dagoena da auzo osoa euskalduntzeko ez dugula nahikoa baliabiderik izango, proiektuak euskaratik urrun bizi direnak gerturatzea lortzen baditu, ez da gutxi izango. Kultur aniztasuna landu nahi duen eta hizkuntz aniztasuna lantzen ez duen egitasmorik ulertzen.
Baina, halako proiektuek segida izateko, behar dugu erakundeen eta bestelako eragile batzuen borondatea eta babesa. Behar dugu euskara harrera hizkuntza izateko baliabideak jartzea, euskara ikastea doakoa izatea, euskara ikasteko diru-laguntzak jasotzeko errolda beharrezkoa ez izatea, paisai linguistikoa euskalduntzeko inbertsio gehiago egitea…
Guk duela bi urte hasi genuen bidean, badugu nahikoa indar eta gogo aurrera egiteko. Gora auzogintza! Gora Hau Egia Da!
Egilea: Hau Egia Da sarea