Indarkeria matxistaren aurkako aldarria nagusitu da Larratxon
Martxo amaieran hiru neska adingabek gizon batek egin zizkieten sexu erasoak salatu zituzten, eta gaur, ehun pertsona inguru Larratxoko plazan elkartu dira, neska erasotuei babesa erakusteko.
Erasotzailea masajista da, eta bere kontsultan egin zituen abusuak. Maiatzaren 11n Ertzaintzak atxilotu egin zuen gizona, eta epailearen aurrean deklaratu ostean aske utzi zuen, kautelazko neurriekin.
Altzako feministek salatu dute biktimak berbiktimizatzen ari direla: “Gutxi tardatu du patriarkatuak bere makineria martxan jartzen, eta segituan ikusi ditugu nesken hitzak ezbaian jarri eta salatuaren irudi ona garbitu nahi izan dituzten albisteak. Entzun ditugu: ‘Ezinezkoa da’, ‘Berak halakorik ez zuen egingo’, eta ‘Gezurra da’ bezalako txutxumutxuak Altzako denda eta tabernetan. Gutxi tardatu dugu, beste behin ere, errua biktimei leporatzen. Berriz ere, matxismoa indartsu agertzen da”.
Hala ere, Larratxoko plazan elkartutako herritarrek, maiatzaren 14an egindako elkarretaratzean bezala, mezu “argi” bat zabaldu dute: “Guk sinesten dizuegu, eta zuekin gaude”. Altzako eta Donostiako ia 40 elkartek eta taldek bat egin dute elkarretaratzean, eta babesa erakutsi diete neska erasotuei.
Elkarretaratzean isilunea mantendu ostean, “Gora borroka feminista!” eta “Erasorik ez, erantzunik gabe!” oihu eta txalo artean adierazi diete babesa neska erasotuei.