San Martingo auzo elkartea sortu dute
Aldapetaren, Easo kalearen eta Londres hotelaren artean dagoen eremua San Martin auzoa izan da historikoki, eta hainbat saltokik auzo izaera sustatu dute San Martin Auzoa egitasmoaren bidez. Orain, auzo elkarte moduan antolatuko dira.
San Martin Auzoa egitasmoak 70 bat establezimendu batu ditu, auzo bizitza sustatuz merkataritzari bultzada emateko helburuarekin. Orain, pauso bat aurrera eman, eta elkarte bihurtu dira, “eremuari ikusgarritasuna emateko, dinamizatzeko eta sustatzeko”, auzo elkarte sortu berriko kideek adierazi dutenez.
“Geure auzo identitatea aldarrikatu nahi dugu, sinergiak sortu nahi ditugu inguruko negozioen eta hiriko beste toki batzuetakoen artean, hiriko panorama sozial, ekonomiko eta kulturalaren parte izan nahi dugu, eta modan egon nahi dugu berriro”, azaldu dute.
San Martin auzoaren berpizkundea, San Martin Auzoa egitasmoa, eta auzunearen historia jorratu genituen honako erreportajean.