"Arrakastatsua izan zen Kontxako ekintza, eta argi dago erakundeen partetik erantzun bat merezi dugula"
Haurrak Ere Bai familien sareak 400 pertsona inguru elkartu zituen atzo Kontxako hondartzan egindako mobilizazioan. Oso pozik daude izandako erantzunarekin, eta lanean jarraitzeko asmoa dute.
‘Haurrak SOS’ leloa irudikatu zenuten atzo Kontxako hondartzan. Zer da aldarrikatzen duzuena?
Bi gauza, bereziki. Batetik, 12 urte arteko haurrek maskara derrigorrez erabili behar ez izatea eskatzen dugu. Zenbait ikerketen arabera, haurren kutsakortasuna oso baxua dela egiaztatzen da, eta gaixotasuna sintomatologia arinekin pasatzen dutela baieztatzen dute. Esaterako, hori dio Bartzelonako Vall d’Hebron ospitaleak iazko azaroan argitaratutako ikerketak.
Bestetik, gaur egungo eskola protokoloa kentzea nahi dugu, eta hartu beharreko neurriek haurren osasuna modu integralean zaindu dezatela eskatzen dugu. Gure ustez, gizarteak egoera honetan duen erronka, batez ere, elkarrekin bizitzeko gaitasuna berreskuratzea da, beldurrik gabe eta bestearen aurkako etengabeko epaiketan erori gabe. Aurtengo ikasturteko protokoloek erronka hori zapuzten dute.
Hain zuzen ere, iazko ikasturteari begira proposamen bat aurkeztu zenioten Eusko Jaurlaritzari. Zehazki, Hezkuntza eta Osasun sailei. Erantzunik jaso duzue?
Bi eskaera formal egin ditugu eta ez dugu erantzunik jaso. Bi sail horiekin ez dugu harremanetan jartzea lortu. Erantzunik ez jasotzeko arrazoiak ezagutzeko deitu genien, baina ez ziguten erantzun. Jakin badakigu ez garela elkarte bat, guraso sare bat baizik. Horrela ere, erantzun bat merezi dugula uste dugu. Eskubideak ditugu herritar guztiek bezala, eta ez da bidezkoa erakunde publikoen partetik erantzunik ez jasotzea. Dena dela, lanean jarraituko dugu.
Ildo horretatik, aste honetan 2021/2022 ikasturtea antolatzeko proposamena plazaratuko duzue laster, ezta?
Horrela da, bai. Aste honetan aurkeztuko dugu. Ikasturtea hasi aurretik aurkeztuko dugu protosamena, eta oraingoan erakunde publikoen erantzuna espero dugu.
Atzoko ekintza jendetsuaren ostean, Haurrak Ere Bai sareak ikusgarritasuna irabazi du. Eusko Jaurlaritzak aintzat hartuko zaituztete orain?
Arrakastatsua izan zen Kontxako ekintza, eta argi dago erakundeen partetik erantzun bat merezi dugula.
Atzokoak indarra eman dizue aurrera jarraitzeko?
Zalantzarik gabe. Ez dugu etsiko. Nekatuak egon arren, indarra eman zigun atzokoak. Ikusi dugu haurren eskubideen alde egin behar dela, eta ingurukoek aldarrikapen horrekin bat egiten dutela. Haurrek ere ikusi zuten helduek beraien ongizatea nahi dugula. Izan ere, haur guztien eskubideak babesten ditugu. edozein dela gurasoen pentsakera.
Bestalde, gaur sare sozialetan interakzio asko egon dira. Sarean oihartzun nabarmena izan du atzoko ekintzak, eta Euskal Herriko idatzizko hedabide guztietan argitaratu dute. Aurrerapauso bat da guretzat, koxka bat igo dugu. Orain arteko oihartzun handiena izan dugu Kontxako mobilizazioari esker.
Haurrak asko seinalatu dituzte pandemia garaian. Horren inguruan zein balorazio egiten duzue?
Kezka handiarekin bizi dugu gure haur eta nerabeek osasun krisialdiari aurre egiteko erabakien ondorioz jasan duten egoera. Besteak beste, konfinamendu zurrunena pairatu zuten eta arriskutsu gisa estigmatizatuak izan ziren. Datuek erakusten dute haurrak seinalatzeak ez duela zentzurik. Haur hezkuntzan maskara gabe egon dira haurrak eskoletan, eta lehen eskoletan maskararekin. Kutsatze indizeek erakusten dute beraien arrisku maila ez dela batzuek adierazi dutena bezain altua.
Eta orain zer?
Baikorrak izan nahi dugu. Aurrera egin, eta gehiago lortzen badugu zoragarria izango da. Guretzat oso garrantzitsua da eta oso pozik gaude. Horrekin batera, gauza bat aipatu nahi nuke. Haurrak Ere Bai sortu da pandemia testuinguru honetan, baina gure helburua da umeen ongizatea babestea. Ez soilik testuinguru honetan, orain eta aurrera jarraitzeko asmoa dugu haurren eskubideen alde. Haurtzaroarekin lotura duten askotariko gaiak lantzen ditugu. Aitzindariak gara haurren aldeko defentsan.