Gladys del Estal omenduko dute ekainaren 5ean Egiako parkeko oroigarrian
Ostegunean, ekainaren 3an, 42 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra erail zuenetik buruan tiro bat jota. Tuteran gertatu zen hilketa, Energia Nuklearraren Aurkako Nazioarteko Egunaren jazarpen polizialaren ondorioz. Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dute Gladys Enean. Datorren larunbatean izango da, ekainaren 5an.
COVID-19aren eraginez, iaz omenaldia egokitu behar izan zuten, eta aurten ere gauza bera egingo dute. Parkearen sarreran geratu ordez, zuzenean oroigarria dagoen lekuan elkartuko dira 12:30ean. Hau da, aurten ere parkeko sarreratik monolitora egin ohi duten erromeria bertan behera utzi dute. Aldiz, 12:00etan Gladysen lagun talde bat geratu da Bulebarrean omenaldira bizikletaz elkarrekin joateko. Ez da bizikleta martxa bat izango, baina parte hartu nahi duen orok egin ahal izango du bizikletaz bidea.
Omenaldian, aurreskua dantzatu, lore eskaintza egin eta abestia ez dira faltako. Dena dela, ekitaldia ohi baino laburragoa izango da, eta parte hartzaileen arteko distantzian mantenduko dituzte.