Hamabost eguneko zuzeneko jaialdi berezia egingo du Donostiako Musika eta Dantza Eskolak
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak festa handi batekin emango dio bukaera COVID-19ak baldintzaturiko ikasturteari. Emusik 2021 jaialdia ekainaren 4tik 21era izango da Ikasbide ikastetxean. Hamabost eguneko zuzeneko jaialdia egingo dute, 30 emanaldi baino gehiagorekin eta 40 talderen kontzertu zein ikuskizunekin. Eskolako musika eta dantza taldeez gain, beste musika eskolek eta kontserbatorioek parte hartuko dute. Programazioa osorik hemen kontsultatu dezakezue.
Osasun krisiari aurre eginez, eskolak ahalegin handia egin du zuzeneko emanaldiak eskaini ahal izateko. Horrela, Ikasbide ikastetxean 4.500 ikusle baino gehiagorentzako musika eta dantza jaialdia egingo dute hamabost egunetan. Eskolako ikasleek lehentasuna izango dute gonbidapena jasotzeko, eta gutxienez bi sarrera bermatuko zaizkie. Gainontzekoek eskolako webgunearen bidez erreserbatu ahal izango ditu dohainik. Konfirmazioa jaso ondoren, sarrerak Atotxako egoitzan hartu ahal izango dira emanaldia baino bi egun lehenago.
Emanaldietan segurtasuna bermatu ahal izateko, saio bakoitzeko edukiera 150 pertsonakoa izango da. Ikusleek gonbidapen zenbakituak izango dituzte, maskara derrigorrez erabiliko da, segurtasun tarteak zainduko dira eta emanaldietan, saio ezberdinen artean, eserlekuak garbituko dira.
Europako Musikaren Eguna
Ekainaren 21a, Europako Musikaren Eguna, musikari guztientzako egun garrantzitsua da eta eskolak emanaldi berezia prestatu du elkarrizketa, ikasturtearen bideo laburpen eta musikarekin osatutako programazio interesgarri batekin. 17:00tan hasi eta 21:00etan bukatuko den saioa zuzenean zein streaming bidez, eskolako telebista plataforman, jarraitu ahal izango da. Han Eskolako Comboak eta Big Band taldeak parte hartuko dute kalitatezko kontzertuak eskainiz.