Illunbeko hondar gunean txertatzen hasi dira
Illunbeko zezen plazaren hondar gunea txertaketak egiteko prestatu dute, egunean jende gehiagori txertoa jarri ahal izateko. Gaur arratsaldean hasi dira eremua erabiltzen, eta lehen egunean 600 pertsona txertatuko dituzte leku berrian. Txertaketa gune berrira bi atetatik sartu ahal izango da, eta ate bakoitzeko sei postu egongo dira: hamabi guztira.
“Postu berri hauei esker, egunean txertaketak ia bikoizteko aukera izango dugu” adierazi du Eli Barandiaranek, Donostiako Ospitaleko erizainen zuzendariordeak. Ahalbidetu dituzten postu berrietan, egunean 4.000 eta 5.000 txerto artean jarri ahal izango dituztela adierazi du Barandiaranek. Postu berri hauetan, zehazki, Pfizerren bigarren dosiak jarriko dituzte: “Ate guztiak irekitzen ditugunean, egunean 13.000 dosi inguru jarri ahal izango ditugu. Orain arte 7.000 txerto inguru jarri ditugu gehienez gauean”, gehitu du Barandiaranek.
Txertaketa erritmoaren inguruan, Barandiaranek adierazi du gaur egun martxoan baino askoz gehiago ari direla txertatzen. Bestalde, ekainean beste botika etxe batzuen txerto berriak iritsi daitezkeela dio Barandiaranek, eta une horretan ere esparrua moldatu beharko dutela gehitu du.