Astiñeneko zubi berria datorren urteko apirilerako prest egotea aurreikusten du udalak
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriaren lanak asko luzatu dira denboran. Donostiako Udalak azaldu duenez, “intzidentzia asko” egon dira eta horrek eragin du atzerapena. Udalaren aurreikuspenak ere etengabe aldatu dira. Eneko Goia alkateak gaur adierazi du zubia prest egongo dela 2022ko apirilerako. Aldiz, otsailean udalak adierazi zuen lanak urte bukaeran edo hurrengo urtearen hasieran bukatuko zirela.
Lanak egiteko epea gehiegi luzatu izanaren ondorioz, udalak bertan behera utzi du LKS eta Ingenieria Zero aldi baterako enpresa elkartzeari adjudikatutako kontratua. Astiñeneko zubia eraikitzeko obra zuzendaritzari laguntza teknikoa eman diote orain arte. Ordea, kontratuaren kostua legeak baimendutakoaren mugara iritsi da, eta ondorioz etetea adostu dute. Era berean, beste kontratuta bat adjudikatzeko prozesua abiatu dute, eta 75.000 euroko aurrekontua izango du. Enpresa adjudikaziodunak obra zuzendaritzari zerbitzua emango dio lanak bukatu arte.
Bestalde, Goiak azpimarratu du lanek aurrera jarraitzen dutela: “Ikusten ez den lana egiten ari dira. Hain zuzen ere, fabrikan zubiaren elementu metalikoak eraikitzen ari dira”.
Bi urte luze
Astiñeneko zubi berriaren lanak 2019. urte hasieran hasi zituzten, eta iazko udarako bukatuta egotea aurreikusi zuen udalak. Hamabost hilabeteko epea zehaztu zuen kontratuak, eta 3 milioi euroko aurrekontua. Ordea, iazko martxoan atzerapen bat onartu zuen udalak, eta 2021eko otsailean ezarri zuen lanen bukaera epea. Urumea ibaian kokatzeko zutabeek eragin zuten atzerapen hori. Izan ere, azkenik 1,5 metroko diametroa izango dute, eta ez 2 metrokoa.
Tamainaren aldaketak proiektua atzeratu zuen. Irailean, berriz, proiektuaren beste aldaketa bat onartu zuen udalak, eta 2021eko irailaren 14ra bitarte luzatu zuten lanak bukatzeko epea. Gainera, 300.000 euroko garestitzea ere onartu zuten. Azkenik, azaroan beste atzerapen bat onartu zuen udalak, eta dagoeneko %10eko gainkostua pilatu du proiektuak.