'Hondalea': naturala eta artifiziala elkartzen diren tokia
Cristina Iglesiasen 'Hondalea' eskultura prest dago jada, eta larunbatean, hilaren 5ean, irekiko dute herritar ororentzat. Itsas leize baten barruan murgilduko da Santa Klara uharteko itsasargian sartzen dena.
Bost urte iraun dituen bidaia heldu da bere helmugara: Santa Klara uharteko itsasargira. 2016an Urrezko Danborra eskuratu zuen Cristina Iglesias artista donostiarrak, eta orain, brontzezko esku hartze artistikoa aurkeztu du: Hondalea. Itsasargi barruan sartzean errealitatetik ihes egiten du bisitariak, eta itsas leize batera gerturatzen da. Naturala dirudien arren, gizakiek egindakoa da Hondalea, Cristina Iglesias buru. Naturalaren eta artifizialaren arteko konexio hori da obraren funtsa. Bidaia bat da, Cristina Iglesiasentzat: “Obrak dagoeneko existitzen zen bidaia bat bereganatu du: uhartera egiten dugun bidaia. Uhartea leku magiko bat da, eta geure kostaren eta itsasoaren memoriaz jabetu da fikzio hau. Hondalea Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian dagoen ehun kulturalean txertatzea espero dut”.
Cristina Iglesiasen Hondalea eskultura prest dago jada, eta larunbatean, hilaren 5ean, irekiko dute herritar ororentzat. Ordea, hedabideentzako bisita antolatu du gaur Donostiako Udalak, Iglesiasek berak kazetariei Santa Klara irlako itsasargian egin duen obra aurkezteko.
Larunbatetik aurrera eskultura bisitatu nahi duen edonork egingo duen moduan, Iglesias, Jon Insausti Kultura zinegotzia, Jaime Otamendi Donostia Kulturako zuzendaria eta kazetariak Aitona Julian III itsasontzian joan dira irlara, eta itsasargira igo dira. Eneko Goia alkateak gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, bihar Iñigo Urkullu lehendakariak bisitatuko du obra, eta asteburutik aurrera hasiko dira joaten herritarrak, dagoeneko artelana bisitatzeko 5.000 eskaeratik gora jaso dituztela nabarmendu baitu.
Eraikinaren inguru guztia berritu eta egokitu egin dute, eta jakina den moduan, itsasargiaren barruan dago itsas leize bat irudikatzen duen Hondalea esku hartze artistikoa. Barruan, ur gezezko zirkuitu bat dauka eskulturak, kadentzia jakin batekin, eta uraren mugimenduak itsasaldiak eta olatuek itsas leizeetan egiten duten soinua irudikatzen ditu.
Uhartera joatea erabaki kontziente bat da, eta hori gustuko du Iglesiasek. Herritarrentzako “esperientzia bat” da Hondalea: hausnartzeko eta ebaditzeko aukera bat. Gainera, nabarmendu du gustuko duela jendeak itsasargiaren eraikinera sartu aurretik bertan zer aurkituko duen ez jakitea, eta barruan “bertigo sentsazioa” sortzea.
“Merezi izan du”, Eneko Goiaren arabera: “Hiri guztiaren izenean eskerrak eman nahi dizkizut. Hiriak Urrezko Danborra eman zizun duela 5 urte, eta orain zuk Hondalea oparitu diguzu”, esan dio artistari. Iglesias ere oso eskertuta azaldu da: “Nigan sinetsi duzue”.
Bestalde, Cristina Iglesiasek honakoa adierazi du: “Hondalea uhartea babestu nahi dutenen konplizea da, hori izan da nire konpromisoa: bestela ez nuen egingo”. Alkateak, berriz, esan du Hondalea-k ez duela helburu turistiko bat: “Batzuetan sentsazioa dut turismoaren argudioa proiektuak gutxiesteko erabiltzen dela. Kasu honetan, proiektuaren arrazoia Donostia eta donostiarrak dira: geure obra bat da. Ez da sustapen turistikorako sortu”.
Jarraian, Hondalea-ren lehenengo irudiak: