Intxaurrondoko zuzkidura bizitokietako familia batzuei kontratua amaitu zaiela salatu du Kaleratzeak STOPek
Prentsa-ohar baten bidez, Kaleratzeak STOP plataformak jakinarazi du Intxaurrondoko zuzkidura bizitokietako familia batzuei bost urteko kontratua amaitu zaiela, eta alokairu sozialeko etxebizitza bat lortu bitartean bertan geratzeko bermea eskatu dute. Hala, familia hauek haien etxeetatik ez botatzea eskatuko dute ekainaren 3an, 11:00etan, Donostiako Andia kaleko Etxebizitza Ordezkaritzaren aurrean, prentsaurreko bidez.
Intxaurrondoko familia hauei bost urteko kontratu luzaezina amaitu zaie maiatzean, eta Kaleratzeak STOPek beste alternatiba bat aurkitu bitartean bertan geratzea eskatu du; izan ere, haien esanetan, bizitoki hauen maizterrak, normalean, guraso bakarreko familiak, ardurapean seme-alaba adingabeak dituzten senar-emazteak, adineko pertsonak edo desgaitasun handia duten pertsonak izaten dira.
Kaleratzeak STOPek salatu du egoera hauek “alokairu sozialeko parkea guztiz nahikoa ez delako” gertatzen direla.