28 koronabirus kasu positibo Donostian
Donostiako intzidentzia metatua 200,12koa da, eta gora egin du. Ostalaritzaren itxiera ordua bi ordu luzatuko dute bihartik aurrera.

Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 28 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 200,12koa da, eta gora egin du. Joera gorakorra mantendu ostean, hilabete darama Donostiak intzidentzia metatuaren beherakadarekin; ostiralean, ordea, berdin mantendu zen, eta aste honetan gora egiten ari da. Izan ere, 199,02koa zen intzidentzia metatua atzo, eta 195,73koa zen ostiralean eta ostegunean. Azken hilabeteko beherakadaren ostean, intzidentzia metatuaren joera aldatzen hasi da.
Atzo elkartu ziren LABI batzordeko kideak, eta ostalaritzaren itxiera ordua bi ordu luzatzea erabaki dute. Hori dela eta, bihartik aurrera tabernek eta jatetxeek 00:00etan itxi ahal izango dute. Dena dela, gaur indarrean dauden neurriak atzokoen edo aurreko astekoen berdinak dira.
Iazko azaroaren 9tik indarrean zegoen alarma egoera bertan behera gelditu zen duela hiru aste, eta, hori dela eta, dagoeneko ez dago mugikortasun mugarik, ezta etxeratze agindurik ere. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak koronabirusaren transmisioa saihesteko hainbat neurri ezarri ditu, tartean ostalaritza establezimenduek 22:00etan itxi behar izatea. Jaurlaritzaren neurriak, gutxienez, beste lau astez egongo dira indarrean, Labi batzordea egoera aztertzeko berriz bildu arte. Denbora tarte horretan, txertaketa prozesua azkartzea espero du Jaurlaritzak.
59 urtetik beherakoei txertoa jartzeko hitzordua ematen ari da Osakidetza, eta Janssenen txertoa hartzen ari dira 50 eta 59 urte bitartekoak. Gainera, AstraZenecaren lehen dosia jaso duten 60 urte baino gutxiagoko pertsonak bigarren dosia jasotzen ari dira. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta. Gainera, Illunbeko zezen plazaren hondar gunea txertaketak egiteko prestatu dute, egunean jende gehiagori txertoa jarri ahal izateko. “Postu berri hauei esker, egunean txertaketak ia bikoizteko aukera izango dugu” adierazi du Eli Barandiaran Donostiako Ospitaleko erizainen zuzendariordeak. Ahalbidetu dituzten postu berrietan, egunean 4.000 eta 5.000 txerto artean jarri ahal izango dituzte, eta zehazki, Pfizerren bigarren dosiak jarriko dituzte.
Gauzak horrela, ondorengoak dira indarrean dauden neurriak:
- Hego Euskal Herriko mugikortasuna librea da.
- Espainiako Estatuko gainontzeko autonomia erkidegoetara joan daiteke.
- Posible da edozein ordutan kalean egotea. Hala ere, Iñigo Urkullu lehendakariak eskatu du norberak bere mugikortasuna 23:00etatik 6:00etara mugatzeko, “borondatez”.
- Beste pertsona batzuekin elkartzea, kopuru mugarik gabe, bi salbuespenekin: ostalaritza establezimenduetan, gehienez lau pertsona elkartu daitezke mahai bakoitzean. Bestalde, kirola 6 pertsonako taldeetan egin daiteke gehienez. Hala ere, eskatu du bilkurak lau lagunetara mugatzeko.
- 22:00etan ostalaritza establezimenduak itxi behar dira, baita kultura, gizarte eta merkataritza jarduerak eten ere.
- Merkataritzan, 150 metro koadro baino gehiagoko establezimenduetan gehienezko edukiera %40koa da, eta 150 metro koadrotik beherakoetan %60koa. Azoka txikietan, baimendutako postuen %50 jarri ahal daitezke.
- Elkarte gastronomikoak, lonjak eta gazteen lokalak itxita daude.
- Ostalaritzan, barrualdeko edukiera %50era mugatuta dago. Debekatuta dago barran edo zutik kontsumitzea, eta, mahai bakoitzean, gehienez 4 pertsona egon daitezke. Nahitaezkoa da maskara erabiltzea, jateko edo edateko unean izan ezik.
- Gaueko aisialdiko establezimendu eta lokal guztiak itxita egongo dira oraindik.
- Joko aretoek 22:00etan itxi behar dute, eta edukiera %50era mugatu behar dute.
- Kultur guneetan edukiera %35era mugatu dute. Beila eta ehorzketetan, aire zabalean, 30 pertsona egon ahal dira gehienez; eta, leku itxietan, sei pertsona gehienez.
- Musika eta kantu jardueretan Osasun Publikoaren Zuzendaritzaren gidalerroak betetzen dituen protokoloak egin beharko dituzte.
- Kirol instalazioen edukiera %50era mugatu dute, eta aldagelena %35era. Ez da ikuslerik egongo kirol ekitaldietan.
- Kirola aire zabalean edo barnealdean egiteko, gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira. Eskola kirolaren entrenamenduan ezingo dira aldagelak erabili. Maskara derrigorrez erabili behar da, lehiaketetan eta kanpoan egiten den jarduera fisikoetan izan ezik.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du Egian, Amara Berrin eta Aieten, eta behera egin du Bidebietan, Loiolan, Altza-Rotetan eta Ondarretan; berdin mantendu da Amara-Erdialdean, Intxaurrondon, Parte Zaharrean eta Grosen:
- Bidebieta: 305,26
- Egia: 250,24
- Loiola: 245,30
- Amara Berri: 209,21
- Altza-Roteta: 193,93
- Intxaurrondo: 192,78
- Ondarreta: 175,88
- Amara-Erdialdea: 168,93
- Aiete: 160,44
- Parte Zaharra: 158,96
- Gros: 135,08
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 9
- Ondarreta: 6
- Egia: 4
- Gros: 3
- Altza-Roteta: 2
- Bidebieta: 2
- Aiete: 1
- Loiola: 1
- Intxaurrondo: 1
- Amara-Erdialdea: 0
- Parte Zaharra: 0