"LABI batzordeak harturiko neurriak justifikatuta daude"
Atzo arratsaldean LABI batzordeak hainbat neurri adostu zituen. Besteak beste, ostalaritzaren itxiera ordua 00:00etan izatea erabaki zuten. Horren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak adierazi du bat egiten duela harturiko neurriekin: “LABI batzordeak harturiko neurriak justifikatuta daude”.
Goiaren ustez, neurriak aldatzea “beharrezkoa” zen, mugikortasun murrizketarik ez dagoelako. “Ez du zentzurik Nafarroan neurri batzuk izatea eta hemen beste batzuk. Hemendik hogei kilometrora posible dena hemen debekatua egotea ez da zentzuzkoa, eta arriskutsua izan daiteke”, azaldu du alkateak. Horrekin batera, txertaketaren erritmoa areagotzen ari dela azpimarratu du, eta horrek bizi dugun egoera hobetu dezakeela. “Intzidentzia maila geldirik dago, eta ziurgabetasun egoeran jarraitzen dugu. Horrela ere, geroz eta kolektibo gehiagori jarriko diete txertoa laster”.
Ostalaritzaren itxiera ordua luzatzeaz gain, LABIk beste lau erabaki hartu zituen atzo: kanpoko kirol jarduerek ez dute jende kopuru mugarik izango, autobusak gaueko 00:00ak arte ibili ahal izango dira, aisialdi taldeak gehienez hamar lagunekoak izango dira, eta kanpoko erakusketetan eta gune turistikoetako bisitak gehienez hamar pertsonako taldeetan egingo dira.