Oposizioa "oso kezkatuta" dago 'Hondalea'-ren kudeaketarekin
Haizea Garai eta Markel Ormazabal, gaur goizean udaletxean egindako prentsaurrekoan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak salatu dute Santa Klara uharteko itsasargian egin duten Hondalea esku-hartze artistikoaren kudeaketak uharteko ekosistemari kalte egin diola, ez duela Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia bete, eta bost milioi euroko gastua eragin duela.
Donostiako Udaleko oposizioan daude EH Bildu eta Elkarrekin Donostia, eta Hondalea-ren kudeaketari buruzko hainbat xehetasun eman dituzte gaur goizean. Izan ere, bihar inauguratuko dute eskultura Iñigo Urkullu lehendakariak, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duen ordezkariak, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak, eta Eneko Goia Donostiako alkateak. Larunbat honetatik aurrera ahalko dute bertarako herritarrek: dagoeneko 5.000 pertsonak baino gehiagok eman dute izena bisitetan.
Oposizioak salatu du informazio falta daukatela Hondalea-k etorkizunean izango duen kudeaketaren inguruan: “Errealitatea da aurtengo sarbideak nola kudeatuko diren baino ez dakigula. Hala ere, dagoeneko hasi gara zenbait erabaki ikusten, eta pentsatzekoa da itsasargiaren irekitze-aldia luzatu egingo dela, denboralditik kanpoko bisita pribatuekin. Hau da, hasieran herritarrei helarazten ari zaien mezuaren kontra, azkenean sarbideetarako neurrietan gero eta salbuespen gehiago egingo dira eta gero eta kontrol lasaiagoa egingo da, eta horrek, beraz, inpaktu handiagoa izango du babestutako ingurune horretan”, adierazi dute Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak eta Markel Ormazabal EH Bildukoak.
Orain arteko kudeaketaz, hiru kritika egin ditu oposizioak. Lehenik, itsasargiko lanek uharteko ekosistema kaltetu duela adierazi dute, eta hondakinen kudeaketa salatu dute: “Azken asteetan hondakinen kudeaketa arduragabea egin da, hondakinak errez eta hondakinen ordenantzaren arau-hauste larria eginez. Gainera, jokabide honek eragin handia izan du uhartean habia egiten duten hegaztiengan, ugaltze-garai batean, eta hondakinak nahita erretzeak eragindako keak asfixia eragin die hegaztien kumeei”, azaldu dute.
Bigarrenik, uharteko esku-hartzeak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia betetzen ez duela salatu dute Ormazabalek eta Garaik: “Itsasargia C mailako babes-maila batekin katalogatuta zegoen, eta horrek fatxadak babestera behartzen zuen. Hala ere, lehen ez zegoen ate bat ireki dute fatxadan. Uharteko itsasargian egindako esku-hartzea nazioarteko ondarearen babesari buruzko batzarretara ere eraman dute, egin behar ez denaren adibide gisa”.
Hirugarrenik, 5 milioi euroko kostua izan duela salatu dute biek: “Uste dugu ez dela onargarria 1,5 milioiko hasierako kostua planteatzea eta azkenean bost milioi ordaintzea”.
Amaitzeko, honako eskakizunak egin dituzte Garaik eta Ormazabalek: “Gure ustez, beharrezkoa da bisitetarako epe ertain-luzeko irizpideak argitzea, irekiera mugatuz udako hilabeteetarako. Ezinbestekoa da erabilera espezifikoen plana egitea, uhartearen babesa bermatuz. Era berean, uhartearen balio paisajistikoa, ekologikoa eta geologikoa kontuan hartuta, gaur egun LPSk babes berezi zorrotzekotzat katalogatua, Santa Klara-Igeldo eremua Natura 2000 Sarean integratzeko beharrezko urratsak eman behar dira”.
