Hau Egia Da! sareak saltsan ibiltzeko beste hiru errezeta prestatuko ditu
Egiako Plaza Haundin egin zuten 'Saltsan ibili!' egitasmoaren lehen jarduera. (Argazkia: Hau Egia Da!) Hau Egia Da! sareak maiatza hasieran abiatu zuen Saltsan ibili egitasmoa, Egiako Plaza Haundin. Jatorri desberdinetako hogei bat lagun elkartu ziren, eta Dominikar Errepublikako Belkis Johnek prestaturiko totoneak dastatu zituzten. Egian integrazioa eta partaidetza sustatzea da egitasmoaren helburua, eta lehen esperientziak izandako harrera onari esker jarraipena ematea erabaki du sareak.
Ekainean beste hiru errezeta prestatu eta konpartituko dituzte auzoan. Igandean izango da lehendabizikoa. Tabakaletako patioan elkartuko dira 11:00etatik 14:00etara, eta tajin bat prestatuko dute. Izen-ematea doakoa da, eta bi modutara egin daiteke. Batetik, posta elektroniko bat idatzita egiadaegiada@gmail.com helbidera, eta, bestetik, telefono honetara deituta: 942 32 18 11. Ekainaren 13an eta 20an izango dira hurrengo saioak. Babarrunak eta sancocho guakamolea prestatuko dituzte, hurrenez hurren.

