"Herritarrek gozatzeko, pentsatzeko eta hunkitzeko gune bat da 'Hondalea'"
Cristina Iglesias, Norman Foster eta Iñigo Urkullu, uhartean. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) “Duela urte batzuk hasitako abentura baten emaitzak aurkeztera etorri gara gaurkoan. Abentura hark donostiar batek –Cristina Iglesiasek– izandako amets batean du abiapuntua”, adierazi du gaur goizean Eneko Goia Donostiako alkateak Santa Klara uhartean. “Hemendik aurrerako Donostia ezingo dugu irudikatu Hondalea-k eskaintzen duen esperientziarik gabe. Alde horretatik, hiria aberastuko du, eta honaino etortzen den oro ere lehenago itzuliko da bueltako bidaian”, gehitu du alkateak.
Gaur goizean aurkeztu dute Santa Klara uhartean Cristina Iglesias artista donostiarrak egin duen esku-hartze artistikoa: Hondalea. Atzo Cristina Iglesias uhartean izan zen kazetariekin, eta eskulturari buruzko albistea osatu dugu. Gaur, ordea, irekiera instituzionala egin dute, eta bertan izan dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Iñigo Urkullu lehendakaria, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Denis Itxaso Espainiako Gobernuak Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban duen ordezkariak, Cristina Iglesias artistarekin batera. Norman Foster arkitekto britainiar ezaguna ere uhartean izan da. Artistak adierazi du Hondalea-k itsasoaren sakontasunaz hitz egiteaz gain, “geure buruen sakontasunaz” ere hitz egiten duela.
Markel Olanok esan du obra hau “herriarentzat” egina dela: “Herritarrek jakin behar dute Hondalea eurena dela: eurentzat egina, eta eurek gozatzeko, pentsatzeko eta hunkitzeko gune bat dela”.
Iñigo Urkulluk artista donostiarra “zoriondu” egin du. “Hemendik Donostia itsasora zabaltzen da; hemendik Euskadi mundura zabaltzen da”, esan du lehendakariak. Iglesiasen nazioarteko ibilbidea nabarmendu du lehendakariak, eta euskal artean barruan daukan garrantzia aitortu du: “Gaur, Cristina Iglesiasek, Txillida eta Oteizarekin batera, ate ireki bat eskaintzen die itsasoari eta arteari”.
“Hondalea-k gure nortasuna indartzen du: gure etxea, herria, hiria indartzen ditu”, esan du Iñigo Urkulluk.
