85 urte bete dira Txirrita bertsolaria zendu zenetik
“Nere aipamenak izango dira beste 80 urtian”. Hala esan zuen bere garaian Jose Manuel Lunjanbio Retegi Txirrita bertsolariak (Ereñotzu, 1860-Altza, 1936), eta bere iragarpena labur gelditu zen, 85 urte bete baitira gaur Txirrita zendu zenetik, eta beti bezain beste hitz egiten da hari buruz gaur egun ere.
Txirrita 1860ko abuztuaren 14an jaio zen, Hernaniko Ereñotzu auzoan, Latze-Zar izeneko baserrian. Hamahiru urte zituela, Errenteriara, Txirrita baserrira, joan zen bizitzera familia; eta hortik zetorkion goitizena. 60 urterekin, ordea, Altzako Gazteluene baserrira joan zen bizitzer, haren arrebaren etxera; han eman zituen bere bizitzako azken hamabost urteak.
14 urte zituela aritu zen jendaurrean bertsotan estreinakoz, Ereñotzuko San Antonio ermitaren aurrean. Ordutik aurrera, plaza eta festa batetik bestera aritu zen kantatzen, eta parrandazale ospea bereganatu zuen. Altzara heldu zenean, 60 urte izan eta aski loditua eta baldartua zegoen, baina ez zen etxean gelditzen. Hain zuzen, Martillun baserrira joateko ohitura zuen lagunekin ardotan egitera, eta bertsotan aritzen zen han. Horrela, Juanaenea baserriko Evaristok egiten zizkion taxilari lanak, eta gurdian eramaten zuen batetik bestera. Altzan arrastoa utzi zuen Txirritak, eta horren erakusgarri da gaur egun Altzan bere izena daraman kalea.
Parrandazalea zenez, ordu txikitan heltzen omen zen etxera, eta, halako batean, emazteak ez omen zion sartzen utzi. Diotenez, honakoa kantatu zion atearen beste aldetik: Ordubi terdik dira, oraindikan goiz da / bere zabarra dana gonbertitzen gaizta / atia iriki zazu etxeko andre maistra / hurrenguan goizago etorriko naiz ta. Politikoki konprometitua ere bazen Txirrita, eta, hain justu, frankistak haren bila joan ziren, fusilatzeko asmoz; ordea, hilda zegoen ordurako.
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bigarren saioko txapela jantzi zuen 1936ko urtarrilean, aurreko urtean Basarriren atzetik txapeldunorde izan eta gero. Uztapiderekin berdinduta bukatu zuela onartu zuen epaile batek, baina bertsolari gazteak txapela aurrerago janzteko aukera izango zuelakoan, Txirritari eman zioten omenaldi gisa. Bestalde, haren kantuak hainbat musikarik musikatu izan dituzte, besteak beste, Xabier Letek.
1936ko ekainaren 3an zendu zen Gazteluene baserrian. Goizuetako plazan bazkaldu ondorengo bertso saioa egin ondoren, ondoezik sentitu zen, eta etxera eraman zuten. Handik egun batzuetara, ekainaren 3an, zendu zen, 75 urte zituela. Azken unera arte izan zuen umorea ahoan Txirritak, “oraintxe 150 kilo ez daude gaizki” izan omen baitziren bere azken hitzak, gazta zaharra gustura jan ostean.