"2019ko munduko txapelketaren ostean gaizki pasa nuen"
Zilarrezko eta brontzezko domina banarekin itzuli da Nahia Zudaire igerilaria (Zubieta, 2004) Madeirako (Portugal) Europako Txapelketa Egokitutik; estilo libreko 400 metrotan eta 100 metrotan irabazi zituen, hurrenez hurren. Tokioko Paralinpiar Jokoetan izango da ziurrenik, eta joko hauek «gozatzeko eta ikasteko» erabiliko ditu.
Noiz jakin zenuen Europako Txapelketara joango zinela?
Jakin, jakin, berandu, baina aurrez suposatzen nuen. Izan ere, azken Munduko Txapelketan finaletara iritsi ginenok Europako Txapelketako plaza ziurtatua genuen.
Hala ere, txapelketara joan ahal izateko gutxieneko markak erdietsi behar genituen berriro, joateko maila dugula demostratzeko. Azaroan hasi nintzen berriro nire marka onenetara hurbiltzen, eta Europako Txapelketara joateko gutxieneko markak lortu nituen.
Senior mailako zure lehenengo nazioarteko txapelketa da?
Ez; nire lehenengo nazioarteko txapelketa 2018. urtean izan zen, Europakoa. Dublinen izan zen hura, eta Madeirakoa nire nazioarteko hirugarren txapelketa garrantzitsua izan da. Europako bi txapelketetan hartu dut parte, eta munduko batean.
Eta gazte mailakoetan hartu duzu parte?
2017. urte amaieran gazte mailako nazioarteko txapelketa batean hartu nuen parte, eta horren ostean nazioarteko liga moduko batean, World Paraswiming Series. Maiatza hasieratik ekaina amaierara arte egiten da txapelketa hau, eta hamabost egunero egoitza ezberdin batean egiten da: Texasen, Singapurren eta Berlinen, besteak beste. Aurtengo ekainean laugarren aldiz joango naiz Berlinera.
Txapelketa honetan klase guztietan hartu duzu parte?
Bular eta bizkar estiloetan izan ezik, guztietan.
Zein da hoberen moldatzen zaren klasea?
Egia esanda, oraindik nahiko gaztea naiz, eta kirolari gisa oraindik ez dut esperientzia gehiegi; horregatik, ez dut guztiz estilo markatu bat. Hala ere, crowl estiloan ibiltzen naiz gusturen, 400 metrotan batez ere.
Bost marka pertsonal hautsi dituzu txapelketan. Zure une onenean zaude?
Ezin dut esan une onenean nagoenik, aurtengo prestakuntzaren etapa nagusia geratzen baitzait oraindik, Paralinpiar Jokoetakoa. Denboraldia txapelketa horri begira ari gara prestatzen, eta marka hobeak egin ditzakedala uste dut.
Berrogeialdiaren ostean, fisikoki ondo nagoela uste dut, baina alor psikologikoan nabaritu dut batez ere hobekuntza, entrenamenduei aurre egiterako orduan batez ere.
Zer sentitu zenuen zilarra irabaztean?
Hasieran ez nekien ezta non nengoen. Uretatik atera nintzenean doping testa egitera eraman ninduten zuzenean, eta ez zidaten garaipenaz gozatzen utzi. Hogei minututan gauza asko egin behar izan nituen: uretako trajea kendu, arropa jarri, testerako txiza egin eta domina jaso.
Zer sentitzen duzu zure adinean kategoria absolutuan emaitza hauek lortzean?
Uste dut oraindik ez naizela kontziente jokoetara noala, pasa izan dudanagatik batez ere. 2019. urteko munduko txapelketatik berrogeialdira arte oso gaizki pasa nuen, bai kirol arloan baita pertsonalean ere.
Zer dela eta?
2019ko Munduko Txapelketak denboraldi eta uda osoa baldintzatu zidan, irailean izan zelako. Irailean txapelketa hau amaitu eta berehala Paralinpiar Jokoak prestatu behar nituela pentsatze hutsak kolpe latza suposatu zuen. Tokioko jokoetan pentsatzeak antsietatea ematen zidan, eta gero eta garbiago nuen ez nintzela joango.
Berrogeialdia hasi baino hamar egun lehenago Tokiora joateko aurretiko aukeraketan nengoen, baina nik banekien ez nintzela joango, estresa dela eta. Jokoak atzeratu egingo zirela jakin nuenean, lasaitu egin nintzen.
Noiz hasi zinen igeri egiten?
Igeri egiten txikitatik hasi nintzen. Elbarritasuna izan aurretik, haur guztiei gomendatzen zaien moduan igeriketa ikastaroak egin nituen. Ebakuntza izan ostean, medikuek gomendatu zidaten igeri egitea, errehabilitazio moduan.
Ondoren, 2012. urtean, Buruntzaldea Igeriketa Taldean sartu nintzen, eta hortik aurrera hasi nintzen ondo entrenatzen. Hala ere, kontua serio hartzen eta etorkizun bat planteatzen 2017/2018 denboraldian hasi nintzen, nire lehenengo Europako Txapelketaren denboraldian.
Noiztik duzu elbarritasuna?
Hamabost hilabete nituela, aortaren hertsadura izan nuen, eta ebakuntzan bizkarrezur-muinean odol jario falta izan nuen. Horrek aldakatik behera guztizko mugimendu falta sortu zidan, eta gurpildun aulkian geratu nintzen.
Zenbat kategoria daude igeriketa egokituan?
Elbarritasun guztiak berdinak ez direnez, hainbat kategoria daude. Hiru elbarritasun mota daude: bisuala, fisikoa eta intelektuala. S1etik S14ra doaz kategoriak; S1 elbarritasun larriena da, eta S14, berriz, leunena. S1-S10 tartea elbarritasun fisikoena da, S11-S13 bisualarena, eta S14, berriz, intelektuala.
Paralinpiar Jokoetara bazoaz, zer estilotan hartuko duzu parte?
Oraindik ez daukat garbi; nire lehenengo jokoak dira, eta ez dut ondo kontrolatzen sailkapen sistema. Oraingoz gutxieneko denbora estilo libreko 400 metrotan bakarrik lortu dut, baina ez dut uste Tokiora 400 metro libreak egitera bakarrik joango naizenik.
Joatekotan, zein asmorekin?
17 urterekin, sentitzen dut ez direla nire jokoak. Adinagatik, Parisko edo Los Angelesko jokoak dira niretzat egokienak, kirolarion errendimendu onena 22 eta 24 urte bitartean izan ohi baita.
Denboraldi osoan zehar izan ditut buruan Tokioko jokoak, baina txapelketaz gozatzera joango naiz. Disfrutatzeko eta ikasteko Paralinpiar Joko bakarrak izango dira niretzat, hurrengoetan emaitzen bila joango bainaiz; lehen jokoetan gauzak ondo egitea zaila da.