"Etxeko gune publikoaren eta pribatuaren arteko konexioan egoten da koska"
Apal denda eta estudioak barne espazioak eraberritzen ditu: gehienak etxebizitzak dira, baina ileapaindegi bat ere eraberritzen ari dira. Etxeak eta bezeroak emandako informazioarekin osatzen dituzte diseinuak, eta pandemiak jendearen beharrak aldatu dituela nabaritu dute.
Zer da Apal?
Jexux Romero (J.R.): Barne espazioei eskainitako enpresa bat, estudio bat, denda bat. Guk arreta jartzen dugu gehienbat barne espazioetan, eta egia da egiten dugun gehiengoa etxebizitza dela, baina adibidez, orain ileapaindegi baten proiektua egiten ari gara, eta ikastetxe bateko areto bat edo taberna bat ere egin ditzakegu. Etxeetan dauzkagun konfort kodeak aplikatzen dizkiegu beste toki horiei. Asko gustatzen zaigu etxebizitza ulertzea gotorleku edo babesleku baten moduan, zu izateko toki bat.
Pandemiaren ondorioz, barne espazioek garrantzi handia hartu dute. Nabaritu duzue?
Patricia Achon (P.A.): Asko.
J.R.: Baina balkoiarekin beti, eh!
P.A.: Hori esan behar nuen. Balkoia ez zeukanak orain nahi du, eta balkoia zeukanak, berriz, lorategia nahi du. Ikusten ari gara jendea etxez aldatzen ari dela oso azkar.
Balkoirik gabeko etxeetan, zer egin dezakete argitasuna eta aire freskoa jasotzeko?
P.A.: Hori ez badago, barne konforta lortu beharko lukete.
J.R.: Adibidez, itxialdia hasi zenean, 50 metro koadroko ganbara bat erreformatzen ari ginen, eta argitasuna zeukan, baina balkoirik ez. Kasu horretan, irekitasuna lortzea zen helburua, eta horretarako distribuzioa da garrantzitsua. Distribuzioa aldatu genuen, zegoen tokiak arnas pixka bat emateko. Etxeetan gune publikoa eta gune pribatua bereizten ditugu: gune pribatua logelak dira, eta gune publikoa egongela eta sukaldea. Normalean, bi gune horien arteko konexioan egoten da koska. Kasuan kasu aldatzen da, bezeroaren bizimoduaren eta espazioaren aukeren arabera. Batetik, irekitasuna nahi izaten du jendeak, eta adibidez, sukaldeak irla edo penintsula izatea. Beste sukalde batzuek ez dute behar, baina gune pribatuarekin konexio bisual bat izatearekin irekitasuna lortzen dute.
P.A.: Etxean bizi den pertsona kopuruak ere eragina du. Ez da berdina bikote bat bizitzea, edo bost pertsona. Zaletasunen kontua ere garrantzitsua da: jendea konturatu da deskonektatzeak daukan garrantziaz. Jendeak esaten du: «Itxialdia berriro gertatzen bada, etxea prest izan behar dut». Horregatik, zaletasunak burutzeko espazioak eta telelana egitekoak eduki nahi dituzte etxean bertan.
J.R.: Telelanerako txokoa eskatu digute dagoeneko. Normalean umeen geletan beti jarri izan da idazmahaia, baina gurasoenean galdu egin da. Bakarrik bizitzean, agian, jantokiko mahaiarekin moldatzen zara. Horregatik, jantokiko mahai handiak jartzea gustatzen zaigu, denetariko erabilerak izateko.
Une honetan, zein proiektu dituzue martxan?
P.A.: Bost ditugu martxan orain.
J.R.: Batetik, obrak ditugu, eta bestetik, proiektuak ari gara egiten, bezeroari aurkezteko. Normalean gehienak etxebizitzak dira, baina ileapaindegi bat dugu esku artean, eta atari bat ere egin genuen.
Bezero baten nahia gorpuzteko, zeri erreparatzen diozue?
J.R.: Zapatei [barrez]. Zapatek asko esaten dute. Ez, normalean jendea etortzen da etxe osoa eraberritzeko asmoarekin, eta gu etxean bertan elkartzen gara. Guretzat garrantzitsua da etxeak berak ematen digun informazioa, baita bezeroak ematen diguna ere. Bi gauza horien artean nahasketa bat egiten dugu, eta hori da aurkezten duguna. Hala ere, begirada zabalago bat eskaintzen ahalegintzen gara. Etxe batean bizi zarenean, zurrunbilo horretan zaude, eta gu kanpotik joaten garenez, gure begirada guztiz birjina da. Gure lana ate batzuk zabaltzea da, eta hortik ikusiko dugu norantz joan. Gainera, garrantzia du bezeroak esatea zein inbertsio egiteko asmoa duen, ez baita berdina aurrekontu batekin edo bestearekin egitea.
Etxebizitzen eraberritzeen boomak nola eragin dizue?
P.A.: Dekorazioaren munduari eragin dio, baina baita gainerako gremio guztiei ere. Gu bezain saturatuta daude, lan karga handiarekin. Ez dago nahikoa jende: mesedez, jendea joan dadila Lanbide Heziketara, igeltseroak, elektrizistak, margolariak… behar ditugu eta! Beti izango dute lana: gremio horietako langileak erretiroa hartzen ari dira, eta ez dago erreleborik. Gremioak ezinbestekoak dira, eta arazo larria da.