"Hobeto bizitzeko aukera erraz bat dira landareak"
Landareak ondo ezagutzeko liburua argitaratu du Jakoba Errekondok: 'Etxeko landareak'. Haren ustez, loreak etxeko poza dira, eta ongi zaintzen dituenak bizitzaren edertasuna jasotzen du opari. Liburu honek hobeto zaintzeko gakoak emango dizkigu: zein landare aukeratu txoko bakoitzerako, gaixotasunei nola aurre egin, landare bakoitza nola ureztatu, ongarri naturalak nola egin, haziz doan ahala nola birlandatu… maite dugun landare hori nola ugaldu ere ikasiko dugu.
Gero eta balio handiagoa du etxearen diseinuak. Landareek ere bai?
Bai, zalantzarik gabe. Batetik, baratzagintzan: edozeinek leiho koska batean duen jardinera batean jartzen ditu perrexila edo piper landare bat. Eta baita ere barruko landareak deitzen ditugun horiek. Dira barrukoak, dira kanpokoak, balkoikoak, ate ondokoak, etxe atarikoak… Bai, janariaren kalitatearen ikuspegitik, bakoitzak egiteko, eta bizitza kalitatearen ikuspegitik ingurune zainduagoa ederragoa ematen digute.
Zergatik indartu da joera hau? Denbora gehiago izan dugulako etxean dugunari erreparatzeko?
Bai, eta jendea konturatu da etxean oso gaizki bizi dela. Kanpoan, plazan, tabernetan, ekitaldietan, aisialdian… oso ondo bizi gara, baina gero etxea daukagu abandonatua neurri handi batean. Behartu gaituztenean etxean egotera, kartzela batean bezala sartuta, konturatu gara ez garela hain ondo bizi. Hobeto bizitzeko aukera asko dago, eta aukera oso erraz bat dira landareak, noski.
Inoiz baino jende gehiago ikusi dugu loreak erosten, loradendetan, mintegietan, hiriko lorategiei begira…
Zer gertatu da?
Ikusten duguna da oso gauza sinple batekin, lore bat jartzea txoko batean, inguruneak asko irabazten duela: bai ikuspegi estetikotik, bai gustura bizitzeko, baita inguruko airea garbitzeko ere… Azken honi atal bat eskaini diot liburuan. Landareek gure inguruneko aire kutsatua garbitzen dute. Landare bat ekarri, hazi bat erein eta hortik datorrenarekin zerbait eskuratzea…. Jendea jabetu egin da, eta landarezaleak konturatu dira giro berri hori etorri dela.
Beraz, naturari inoiz baino gehiago erreparatu diogula uste duzu?
Leihotik begiratuta, bat-batean konturatu gara, ba, gauza desberdinak gertatzen direla. Lehen ez genuen denborarik. Jendea lehen ikusten al zenuen balkoietan? Ba, oso denbora gutxi. Eta zuk denbora pasatzen baduzu, eta pixka bat begiratzen baduzu, ikusten dituzu aldaketak, eta jendea harritzen da gauza naturalenekin.
Landareak modan daude, eta Internet bidez ere erraza da landare harrigarriak topatzea, baina ba al dute guztiek lekurik gure etxean?
Garrantzitsua da landareak ondo aukeratzea. Bizidunak dira, eta bizitzeko baldintza berezi batzuk behar dituzte: batzuk nahitaezkoak dira, eta beste batzuk, ba, baldintzen arabera hobetoxeago edo okerxeago biziko dira. Bizidunak direnez, ezagutzea bezelakorik ez dago. Zuk pertsona bat ekarri behar baduzu bizitzera, ezagutzea da inportanteena, ezta? Ba, landareekin berdin. Horregatik nik liburuan garrantzia handiena eman diot horri, landarea ezagutzeari. Argazki ikusgarriak jarri ditugu, landare motak ondo identifikatzeko. Eta, bigarrena, landareak behar dituen gauzak ondo jakitea: argi kopurua, nola ureztatu… oso gauza sinpleak dira, baina nahitaezkoak direnak zentzua izateko. Landare bakoitzaren fitxan trikimailu batzuk ere azaldu ditut, hobetzeko eta landareari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko.
Nola aukeratu dituzu liburuko landareak, zein izan da ‘Etxeko landareak’ bilduma osatzeko irizpide nagusia?
Gehien erabiltzen direnak aukeratu ditut, jendeak erreztasun hori izateko. Liburuko landareak begiratzen dituenean pentsa dezala: ‘Hau izebak dauka etxean’ edo ‘Hau erraza da ugaltzeko, aldaxka bat hartu eta aterako da’. Ikusienak eta erabilienak bildu ditut, eta baita ere etxearentzako onuraren bat ekartzen dutenak: airea garbitzen dutenak, esaterako, eta baita badatozenak eta oraindik etxeetan ikusten ez direnak ere –baina mintegi nagusietan mugitzen ari direnak, eta laster barra-barra ikusiko ditugunak dendatan–.
Guztira 92 fitxa daude liburuan; aukera zabala dago.
Nik oinarrizko fitxak jarri dut, baina gero espezie horrek dauzka barietate pila bat. Batek ertz zuriak ditu, besteak ditu orban horiak… Fitxa bakoitzean barietate mordoxka bat dago, eta orduan, denak kontuan hartuta 500 inguru daude.
Landareak zaintzeko osagai naturalak gomendatu dituzu. Zergatik?
Etxera pozoiak sartu nahi dituzu? Hori da galdera. Hori nahi duenak ez dezala nire liburua begiratu. Nik ematen dizkiet irtenbide naturalak, oso errazak diren formulekin eta oso eskuragarri diren produktuekin. Nik uste dut astakeria dela etxean sartzea pozoiak.
Landareen gaitzei aurre egiteko zein botikin izan behar dugu etxean?
Botikinik ez dago. Tabako ura eta asun ura, behar duzunean egitea da onena, askoz eraginkorragoa da. Botikina da landare horrek behar dituen gauzak ezagutzea eta horiek egitea. Horrek esan nahi du landarea indartsu egongo dela, azala gogorra izango duela eta arazoak ez direla sortuko. Trikimailuetan garrantzitsuenak dira argia eta ura. Argi asko behar duela esaten badu, benetan asko behar du; zenbait etxetan ezingo da eduki. Eta jartzen badu eguzkitan ez edukitzea, ba, ezingo duzu izan. Egunero bi orduz eguzkiak ematen badio zuzenean, erre egingo da. Landareak argizaleak dira, asko eta asko tropikoetatik ekarritakoak direlako, baina eguzkia ez zaie gustatzen. Eta urarena. Hamarretik bederatzi hiltzen dira ur gaindosiarengatik. Beharrak horiek dira, lau gauza, oso sinpleak dira.
Oso gutxi dakigu landareez. Zergatik? Zer falta zaigu?
Dena. Hainbeste landare dago, hain desberdinak dira… Landareekin daukagun harremana da etekina ateratzea. Orduan, nik babarrun bat ereiten dut, eta… eman dezala asko. Etekinaren ikuspegia ondo dago, baina nahi badugu etxean landare bat eduki, gozo biziko dana eta ederra egongo dena… Hor etekinaz aparte beste gauza batzuez jakin beharko genuke. Eta ez dakigu ezer. Ez dakigu ezer landareen inteligentziaz, landareen arteko harremanez, nola elkar zaintzen duten… Orain hasi gara zerbait ikasten. Badakigu landareek erabakiak hartzen dituztela, azkarrak direla, mugitzen direla alde batetik bestera, sustraietatik gaizki dagoenari besteek janaria ematen diotela, harremanak sustatzen dituztela beste animalia batzuekin… Hori guztiaz oso gutxi dakigu.
Stefano Mancuso botanikari italiar baten aipua dago liburuaren sarreran. «Okerbidez jokatzen dugu landareak animalia ezinduak direla pentsatuta, zerbait falta zaielakoan. […] Animalien aurreiritzirik gabe hurbildu behar dugu beraiengana: ezin sinetsizko inteligentzia dute, beste planeta batekoak balira bezala».
Bizi Baratzea atera genuenean ere sarreran horixe jarri genuen: landareak badira nor. Lauki handi bat egin nuen, esplikatuz zein barazki zeinen ondoan ondo eramaten diren edo ez. Landareak dira gu bezalakoxeak. Zu lagun batzuekin ondo eramango zara, beste batzuekin hobeto, eta beste batzuekin oso gaizki. Ba, landareeekin ere berdin gertatzen da. Lauki horri ‘Nor norekin’ izena jarri nion. Lagun batzuei bidali nien liburua atera baino lehen. Hizkuntzarekin lan egiten duen jende guztiak gauza bera esan zidan: ‘Aizu, landareak ez dira nor; landareak dira zer euskaraz’. Bai, hori da guk daukagun arazo bat. Landareak bizidunak dira, eta badakite pentsatzen, erabakiak hartzen… eta abar. Hori niretzat oso garrantzitsua da. Ez dira edozein eran tratatzeko apaingarri bat. Eta hori gogorazi nahi izan dut sarreran. Mancuso da momentu honetan honi buruz gehien ikertzen ari den botanikaria, eta oso famatua egin da mundu mailan, liburu mordoxka bat dauka.
«Etxea etxeago da landareak edukita», esan izan duzu. Ez dakit orain une honetan indar handiagoa hartzen duen ideia honek.
Bai, baina hau ez da soilik pandemiarengatik. Hau lehenagotik ere bazetorren. Nik gehiago lotzen dut baratzeekin eta etxe inguruarekin. Etxean 10 metro karratu dituenak ere baratzea egin du. Jendea oso arduratuta dago kutsadurarekin. Gipuzkoan arnasten dugu haizea munduko kutsatuenetako bat da, eta ez gara jabetzen. Uste dugu bizi garela munduko tokirik naturalenean. Aspalditik zetorren kezka bat da, eta pandemiak harrotu egin du.
Landareak dituenarentzat itxaroten jakitea ere garrantzitsua da, ezta?
Nik beti esaten dut landareek denbora ematen digutela. Zuk orain adibidez letxuga bat landatzen baduzu, eta jango duzu 50 edo 60 egunera. Pentsa: letxuga hori jarri, hura zaindu, hari begira egon, eta bi hilabetera jan. Horrek zein balio dauka? Gainera, letxuga hori abenduan landatzen baduzu, jango duzu lau edo bost hilabetera. Ehun egunetik gora itxaron beharko duzu letxuga hori jateko. Hori da denbora ematen dizuna. Ni Durangoko Azokara joaten naizenean letxugak oparitzen ditut. Milaka eta milaka letxuga eramaten ditu jendeak baratzean edo loreontzi batean jartzeko. Denboraren kontzeptu hori transmititu nahi dut. Ume batek ikusten badu prozesu hori, ‘begira, jarri dugu abendu hasieran letxuga bat, eta jango dugu apirilean. Bera jabetzen da zer den hori; eta letxuga bat erostera joaten denean, pertsona horrek jakingo du zenbat kostatzen den, zenbat denbora den… Eta baserritar bat badago azokan letxuga hori saltzen euro batean, ez dizkio regateatuko 10 zentimo, jende askok egiten duen bezala. Balio horiek oso inportanteak dira, baina inportanteena da denborarena. Gaur egun bizi gara ez dakigula zer egun den. Korrika eta presaka, gero eta azkarrago doa dena. Aldiz, landarekin lanean hasten bazara, konturatzen zara denbora dela beste abiadura bat, beste gozamen bat, denbora gehiago duzu ikusteko eta egiteko. Landareeekin lan egitea arte bat da niretzat. Eta hor ikusten da artistak benetan zeintzuk diren; emaitza onak dituztenak, pazientzia hori dutenak. Itxoiten jakitearen artea hori da. Oraintxe adibidez porruak landatzen ari gara urte guztirako porruak. Porru hori erein da otsail edo martxoan. Hurrengo urteko martxoan egongo gera erein diren porru horiek jaten. Porru sinple bat da, baina urtebetez egon da baten bat porru horri begira, zaintzen, ongarritzen eta hori guztia. Hori da artea nire ustez.
Euskarazko izenak jarri dizkiezu bildumako landareei. Nola moldatu zara?
Nire ustez, liburuko zatirik zailena izan da. Dozena batek edo, jada badute izena euskaraz. Beste guztiak nik asmatu ditut, saiatu naiz nolabait horientzako proposamen bat egiten. Barruko landare guztiak kanpokoak dira. Guk etxe barruan daukagu urte guztian 30 gradutan eta argi kopuru jakin batekin. orain argi asko daukagu, egun oso luzetan gaude, baina gero neguan iluntzen duenean argia pizten dugu eta barruan argia daukagu. Bizi baldintza horietan bizi ziren landare tropikalak izan behar dira, beraz. Urte guztian tenperatura berdintsua, eta egunaren eta gauaren luzera berdina duena. Zer gertatzen da? Ez dutela euskarazko izenik. Indiatik ekartzen dugun landare batek agian ditu hogei izen ingelesez. Eromena da. Zu bazoaz mintegi batera landare horren bila, eta beste batek Herbehereetatik ekarri badu, beste izen bat izango du… Astakeri bat da daukagun saltsa. Liburu honek beharko luke proposamen bat euskarazko izenentzat. Nik ez dut esaten horiek izan behar dutenik e! Adibide bat: clivia. Hizkuntza guztietan clivia esaten diote, ba, euskaraz clibia. Baina beste batzuekin, ba, konplikatuagoa izan da. Izena jartzerakoan, zein herrialdetatik datorren begiratu dut. Landare hauek bildu, ekarri, hobetu, mintegietan zainduta ekarri dituzte. Zorionez, bibliografia asko dago. Adibidez, landare bat guaranien ingurukoa baldin bada. Eta guaraniek modu batera esaten diote landare honi. Eta hitz horrek esan nahi du ‘katu belarria’, ba, euskaraz ere, katu belarria.
Izen horrekin harrituta geratu naiz, katu belarria (tradescantia). Polita da!
Katu belarria da bere toki originalean hango kulturak horrela ikusten duelako landare hori. Ingelesez izen pila bat ditu. Nik guaraniena hartzea proposatu dut. Espeziearena, oinarrizko izena, horixe da. Hau izan da lanik zailena. Baina garbi nuen ez nuela nahi tradescantia jarri. Jakina, nire eta zure amak tradescantia ez dute inoiz ikasiko; aldiz, katu belarria berehala ikasiko dute. Izenaren azpian tradescantia jarri dugu, badaezpada informazio gehiago bilatzeko. Euskara munduarekin lotzea oso inportantea da niretzat. Katu belarria da, baina tradescantia esaten zaio. Bi koska horiek izan ditut liburuan, euskarazko izena jartzea eta lotura egitea izen zientifikoarekin.
Nire beste obsesio bat izan da argazkiena. Oso inportantea da. Ez dakien batek hartzen duenean liburu hori, ba, gutxienez esan dezala: ‘Hau gure amak badauka’ edo ‘Hau eduki nahi dut’. Horregatik ikusgarria da landare osoa hartzen duen argazki hori. Ondo zaindutakoa. Justu horrexegatik. Bizi baratzea egin genuenean desberdina izan zen, mundu guztiak daki zer den azenarioa. Baina katu belarria, inork ez daki zer den. Baina, ziur argazkia ikusterakoan, agian ezaguna egingo zaizula, eta horrela bide bat izango duzu informazio gehiago bilatzeko.
Azkenaldian ezagutu duzun landare berezi edo harrigarriren bat ba al dago?
Ufa! Ja ezin dut joan mintegietara. Astakeria bat da, aukera oso zabala dago. Pandemia garai honetan inor ez zebilen mintegietan; ordea, ni profesional moduan inoiz baino gehiago ibili naiz. Eta astakeria bat da. Espezie berri horiez gain, gero badaude baita ere betidanik ezagutzen dituzun landareak: surfinia, petunia edo geranio gitanilla bat… baina bat-batean kolore berriak lortzen dituzte, eta hostoak ez dakit zer formakoak dira, eta ufa! Nire ustez, hori ona da. Azkenean bizi gara mundu batean non ez dugun nahi aldamenekoak gure kamiseta izatea. Landareekin ere pixkanaka horreaka goaz. Hau beti izan da horrela landarezaleen artean, baina orain da ikaragarria. Jakina, orain hain erreza da munduko beste puntatik landare bat ekartzea… eta aukera oso zabala dago.