Kontxaren barruko perla brontzezkoa da dagoeneko
Santa Klara uhartea ez da inoiz berdina izango. Cristina Iglesias artista donostiarrak itsasargi barruan egindako esku hartze artistikoa inauguratu dute: ‘Hondalea’. Brontzezko itsas leize bat dirudi itsasargiaren barnealdeak: "naturala" dirudi Iglesiasen asmakuntzak. 5 milioi euroko aurrekontua izan du obrak, eta hainbat eragilek salatu dute uharteko ekosistemaren narriadura eragin dezakeela aurreikus daitekeen masifikazioak: uhartea "turistifikatu" izana salatu dute.
“Argi aditzen zen uraren zaplada eta tanta erorien zalaparta eta olatuen zurrumurru eta txistu antzeko bat, piririka, hankaz gora eta harkaitzei zapla joka, izaki basati erabat libreak bailiran, beti halaxe astintzen eta zilipurdikatzen eta jostatzen”. Itsasoaren eta harkaitzen arteko elkarrizketa maisuki deskribatu zuen Virginia Woolfek Farorantz liburuan; maisuki sartu eta sortu du Cristina Iglesias artista donostiarrak ere Santa Klara uharteko itsasargian.
Bost urte iraun dituen bidaia heldu da bere helmugara: Santa Klara uharteko itsasargira. 2016an Urrezko Danborra eskuratu zuen Cristina Iglesias artista donostiarrak, eta orain, brontzezko esku hartze artistikoa aurkeztu du: Hondalea.
Bihartik aurrera, bisitari bakoitzak bere bidaia egingo du Aitona Julian III itsasontzia kaian hartuta. Izan ere, hori da Hondalea artistarentzat: bidaia bat. “Obrak dagoeneko existitzen zen bidaia bat bereganatu du: uhartera egiten dugun bidaia. Uhartea leku magiko bat da, eta geure kostaren eta itsasoaren memoriaz jabetu da fikzio hau. Hondalea Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian dagoen ehun kulturalean txertatzea espero dut”, esan du Iglesiasek.
Aitona Julian itsasontzia uhartera heldu bezain pronto, zain ditu bisitariak bertako biztanleak: kaioak. Ez die grazia handirik egiten gizakien agerpenak. Haizearen aurka borrokatu, eta gora. Aldapan, erreakzioak denetarikoak dira: itsaso urdinari begira dago bat, zorabiatu da bestea; duela pare bat uda uhartera egindako txango igandezaleaz gogoratu da hirugarrena. Bidea ez da orduko berdina, ordea: eraberritu dute, baita itsasargiaren ingurua ere.
Berritasun itxura du itsasargiaren inguruak, eta zarata entzuten da, itsasargia Pandoraren kutxa balitz bezala: baten batek irekitzeko beldurra du, besteren batek ez du ireki nahi, baina jakinminak irabazi ohi du sarritan. “Zure txanda!”. Ateak ireki, eta barrura.
Lehen pentsamendua: “Asmatu du Beñat Sarasolak izenarekin”: Hondalea. Esanahia ezagutu gabe ere, sentsazioa hori da: hondoratuko zarela. Esanahia bilatuta – “itsas leizea”, “amildegia itsasoan”, “sakonera abisala”, “itsas hondoa»”–, pentsamendua berresten du esku hartze artistikoak. Lau paretaren artean, alabastroaren koloreak eta argi leunak isolamendu sentsazioa eragiten du, eta norbera bere buruarekin geratzen da. Brontzezko harkaitzen artetik ura ateratzen da, itsasoaren soinua entzuten da, eta bertigoa da nagusi.
Herritarrentzako “esperientzia bat” da Hondalea, Iglesiasen arabera: hausnartzeko eta ihes egiteko aukera bat.
Ez da esperientzia berri bat: itsasoarekin harremana izan duen edonork sentitu du naturak eragindako zirrara, harkaitzei begiratzean, itsas leize baten inguruan ibiltzean. Baina esperientzia hau gizakiek sortua da: Cristina Iglesiasek eta bere lantaldeak. Ur gezezko zirkuitu bat dauka eskulturak, kadentzia jakin batekin, eta uraren mugimenduak itsasaldiak eta olatuek itsas leizeetan egiten duten soinua irudikatzen ditu. Naturala dirudien artifizioa da Hondalea, naturak eta gizakiak bat egiten duten leku irreala.
Are, kresal usaina ere nabaritu daiteke: hori ere irreala da; ez dute usain hori sortzen. Hain dirudi “naturala”, non usaimenak ere amesten duen. Ura geza da. Aitona Julianek eragindako albo ondorioa ere izan daiteke, ordea.
Bost milioi euroko oparia
Virginia Woolfen Farorantz liburuan horrela jarraitzen du kontakizunak: “Bi gizon ikus zitezkeen faroan, begira, ongietorria emateko prestatzen”. Santa Klaran Eneko Goia alkateak eta Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu zuten Hondalea herenegun, Cristina Iglesias alboan zutela, eta Norman Foster arkitekto britainiarraren presentziarekin. “Merezi izan du”, Goiaren ustez.
“Hiriak Urrezko Danborra eman zizun duela 5 urte, eta orain zuk Hondalea oparitu diguzu”, esan zion alkateak artistari. Artistak doan egin du lan, baina 5 milioi euroko aurrekontua izan du artelanak. Hasieran 1,5 milioi euroko aurrekontua zuen.
Euskal Herriko, Espainiako, Herrialde Katalanetako eta Frantziako hedabideek gertutik jarraitu dute Hondalea-ren inaugurazioa. Kontxako badiatik harago doa proiektua.
Hala ere, agintariek nabarmendu dute ez duela helburu turistikorik: “Batzuetan sentsazioa dut turismoaren argudioa proiektuak gutxiesteko erabiltzen dela. Kasu honetan, proiektuaren arrazoia Donostia eta donostiarrak dira: geure obra bat da. Ez da sustapen turistikorako sortu”, esan du alkateak.
Hondalea-k eragin dezakeen masifikazioak uharteko ekosistemari kalte egingo diola adierazi dute hainbat eragilek. Iglesiasek, berriz, honakoa erantzun du: “Hondalea uhartea babestu nahi dutenen konplizea da: hori izan da nire konpromisoa. Bestela ez nuen egingo”.
Dena prest dago: bihartik aurrera Hondalea bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Bisita gidatu eta didaktikoak eskainiko dituzte: Iglesiasen artelana ikusteaz gain, inguruko natura eta paisaia ere ezagutu ahal izango da. Bihartik irailaren 30era bisitatu ahal izango da artelana; goizeko 11:00etan izango da lehena, eta 20 minutuko maiztasuna izango dute, 19:00etara arte. Bisita gidatuak doakoak izango dira, baina txaluparen zerbitzua ordaindu egin beharko da. www.hondalea.eus atariaren bidez eman beharko da izena.
Asteburuak, beteta
Edizioa ixterakoan, 9.200 pertsonak emana zuten izena: iraila bitarteko asteburu guztiak beteta daude. Eskolentzat jarduera didaktikoak egongo dira eskura, irailaren 15etik urriaren 31ra.
Bestalde, artelanaren aurkezpenarekin loturiko hainbat jarduera antolatu dituzte. Aquariumean Kostalde arrokatsua: ekologia, artea eta geologia izeneko nazioarteko simposium bat egiten ari dira. EHUko Udako ikastaroek antolatu dute, eta James Lingwood adituak zuzendu du.
Horrekin batera, San Telmo Museoak Hondalea esku hartze artistikoari buruzko erakusketa bat du martxan. Erabilitako material originalak eta artelanaren prozesu sortzailearen gaineko dokumentazioa ikusteko aukera egongo da, baita Iglesiasek berak ekoiztutako ikus-entzunezko materiala ere.