Masifikazioak uharteko ekosistema kaltetuko du, eragileen ustez
EH Bildu eta Elkarrekin Donostia kritiko azaldu dira ‘Hondalea’-ren kudeaketarekin: gehiegizko aurrekontua izatea salatu dute, besteak beste. Hiriko zenbait eragileren arabera, «hiri-markaren nazioartekotzea indartzeko erreminta» da ‘Hondalea’.

Hiriko hainbat eragilek Santa Klara uharteko Hondalea kritikatu dute. Ez dute artelana bere horretan kritikatzen, kokalekua baizik. “Artelanaren eta bere egilearen balio artistikoa zalantzan jarri gabe, Hondalea, batik bat, hiri-markaren nazioartekotzea indartzeko erreminta baten moduan ulertzen dugu. Hiriaren nazioarteko irudia eta erakargarritasuna areagotzeko erabiltzeko bokazioa duen baliabidea dugu Hondalea, beraz. Era berean, uneko udal agintari nagusienaren irudia gogoan izan eta herritarren iruditegian behin-betiko iltzatzeko helburua duela ere, ezin uka daiteke”, adierazi du Mikel Agirre Bizilagunekin plataformako kideak.
Uhartea masifikatzea eragingo du “turistifikazio” horrek, Eguzki taldeko Juan Mari Beldarrainen arabera: “Eskulturak berak ez dio kalterik egingo naturari: kaltea izan daiteke etorriko den bisitari kopurua. Hor dago gure kezka”.
Oraingoz uhartea lau hilabetez dago irekita, baina epea luzatzeko arriskua dagoela uste du Haritzalde elkarteko Xabier Rubiok: “Urte osora zabaltzen baldin bada kaltegarria gerta liteke bertan bizileku edo pausaleku duten espezieentzat, itsas hegaztiak kasu. Nork ziurta dezake etorkizunean ez dela obra gehiagorik etorriko edota bisitarien kopurua eta, ez dela handituko? Kezkatzen gaitu”.
Parkea Bizirik elkarteko kidea da Joseba Gurutz de Vicente, eta bere arabera, uharteko ekosistemaren kontserbazioa “bateraezina” da jendearen masifikazioarekin: “Uhartean itsas hegaztien kolonia habiagile bat dago, oso handia. Itsas labarretan, bide bazterretan eta goiko zelaian egiten ditu habiak. Gainera, badago uharteko berezko sugandila, pixkanaka gigantismorantz jotzen ari dena. Babestutako hainbat landare ere badaude”.
Udaleko oposizioa ere, kritiko
Donostiako Udaleko oposizioan daude EH Bildu eta Elkarrekin Donostia, eta salatu dute informazio falta daukatela Hondalea-k etorkizunean izango duen kudeaketaren inguruan: “Errealitatea da aurtengo sarbideak nola kudeatuko diren baino ez dakigula. Hala ere, dagoeneko hasi gara zenbait erabaki ikusten, eta pentsatzekoa da itsasargiaren irekitze-aldia luzatu egingo dela, denboralditik kanpoko bisita pribatuekin. Hau da, hasieran herritarrei helarazten ari zaien mezuaren kontra, azkenean sarbideetarako neurrietan gero eta salbuespen gehiago egingo dira eta gero eta kontrol lasaiagoa egingo da, eta horrek, beraz, inpaktu handiagoa izango du babestutako ingurune horretan»”, adierazi dute Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak eta Markel Ormazabal EH Bildukoak.
Bestalde, uharteko esku-hartzeak Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezia betetzen ez duela salatu dute Ormazabalek eta Garaik: “Itsasargia C mailako babes-maila batekin katalogatuta zegoen, eta horrek fatxadak babestera behartzen zuen. Hala ere, lehen ez zegoen ate bat ireki dute fatxadan. Uharteko itsasargian egindako esku-hartzea nazioarteko ondarearen babesari buruzko batzarretara ere eraman dute, egin behar ez denaren adibide gisa”.
5 milioi euroko aurrekontua, oraingoz
Udaleko oposizioa ere kritiko azaldu da Hondalea egiteak izan duen kostuarekin: “Uste dugu ez dela onargarria 1,5 milioiko hasierako kostua planteatzea eta azkenean bost milioi ordaintzea”.
Bat datoz eragileak. Hau da Parkea Bizirik elkarteko kidearen iritzia: “Esan dute Hondalea Cristina Iglesiasen oparia izan dela, eta hori gezur galanta da: ez da opari bat izan, guk geuk ordaindu dugu”.
Amaitzeko, honako eskakizunak egin dituzte Garaik eta Ormazabalek: “Gure ustez, beharrezkoa da bisitetarako epe ertain-luzeko irizpideak argitzea, irekiera mugatuz udako hilabeteetarako. Ezinbestekoa da erabilera espezifikoen plana egitea, uhartearen babesa bermatzeko. Era berean, uhartearen balio paisajistikoa, ekologikoa eta geologikoa kontuan hartuta, gaur egun LPSk babes berezi zorrotzekotzat katalogatua, Santa Klara-Igeldo eremua Natura 2000 Sarean integratzeko beharrezko urratsak egin behar dira”.
Hori egiteko unea da, Xabier Rubioren ustez: “Aukera paregabea du uharteak, Igeldo-Mendizorrotz, eta Teniseko itsasaldien arteko zabalgunea eta gertuko itsasoaren babesa sustatzeko Europako Natura 2000 Sarean sartzeko ahalegina egiteko”.