Nor da Cristina Iglesias?
Narrika kalean jaioa da Cristina Iglesias, baina urte asko daramatza sorterritik kanpo bizitzen: bere ibilbide artistikoa kanpoan egin du gehienbat. Kimika ikasi zuen EHUn, baina artearekiko zuen zaletasunak Bartzelonara eraman zuen. Zeramikan eta pinturan aritu zen han, eta gero, Londresen bizi izan zen: Chelseako arte eskolan eskulturaren inguruan ikasketak egin zituen. Prestakuntzarekin New Yorken jarraitu zuen, Pratt institutuan beka bat eskuratuta. Ondoren, Alemaniako Bildenden Kunste akademian irakasle jardun zuen.
1980ko hamarkadan egin zen ezagun eskultore moduan: 1986an Veneziako Biurtekoan izan zen, eta nazioartean ospea lortzen hasi zen. 1990eko urteetan, areagotu egin zen haren nazioarteko proiekzioa: Suitzan, Kanadan, Espainian, Italian, AEBetan eta Erresuma Batuan erakutsi zituen bere obrak, besteak beste. New Yorkeko Guggenheim museoak erakusketa bat eskaini zion: Bilboko museoan, Madrilen eta Chicagon ere izan zen ikusgai.
Ordutik, haren lanak mundu osoko museo eta galerietan daude: besteak beste, Madrilgo Reina Sofia, Parisko Pompidou, Londresko Tate, Portoko Serralves, Washingtongo Hirshorn, Bartzelonako MACBA eta Bernako Kunsthallen. Nazioarteko espazio publiko askotarako ere egin ditu artelanak.
Hondalea Donostian izango duen lehen obra publikoa izango da, eta bere ibilbideko garrantzitsuenetako bat izango dela esan du Donostiako Parte Zaharrean jaiotako artistak.