"Proiektu honen helburua ez da turista gehiago ekartzea"
‘Hondalea’ "hiriak artea eta kulturaren alde egiten duen apustuaren adierazlea" da, Eneko Goiaren ustez. Esan duenez, proiektuaren helburua ez da turistak erakartzea: "Hori esaten dutenek, modu oker eta maltzurrean erabiltzen dute argudioa".
Zer da Hondalea udalarentzat?
Hondalea Cristina Iglesias artista donostiarrak bere hirian eta bere hirirako pentsatu, sortu eta gauzatu duen esku hartze artistikoa da. Eskultura publikoa izango da, hiri osoarena, beraz. Eta Hondalea, batez ere, hiriak artea eta kulturaren alde egiten duen apustuaren adierazle garrantzitsu bat da.
Zein ekarpen artistiko egingo dio kulturari?
Handia. Hiriaren ondare artistikoa aberastu egingo du. Eta gure kostaldean benetako ibilbide artistiko eta kulturala sendotuko du: Saguesen, Basterretxea; Pasealeku Berrian, Oteiza; Haizearen Orrazia-n, Txillida; eta uhartean, Iglesias. Hiri gutxik izango dute artearen horrelako bilduma publikoa.
Nola eragingo du Hondalea-k uhartean?
Uhartean Hondalea-k ez du eraginik, itsasargiaren barruan kokatuta dagoelako eta, beraz, ingurunea ukitzen ez duelako. Bertara joan behar da, jakina, eta horrek zerbait areagotuko du jendearen joan etorria. Baina oso modu neurtuan eta kontrolatuan egingo dira bisitak. COVID-19aren murrizketak amaitzen direnean, gehienez 200 lagunek ikusi ahal izango dute Hondalea aldez aurretik hartutako bisiten bitartez. Eta, gainera, irailetik ekainera ezin izango da bertara joan, txaluparik ez delako egongo.
Uhartera turista gehiago iritsiko dira? Hori da helburua?
Bisitari gehiago izango ditu uharteak, esku-hartzea jendearen gustukoa bada eta joatea erabakitzen badu. Baina proiektu honen helburua ez da turista gehiago ekartzea. Hori esaten dutenek, modu oker eta maltzurrean erabiltzen dute argudioa, esku hartze hau gutxiesteko. Iglesiasen mailako artista batek Donostian interbentzio bat izatea auzitan jartzea kultura eta artea bere dimentsio osoan ez hartzea da.
Ingurumenari kalte egingo diola esan dute zenbait eragilek. Ados zaude?
Ingurumenari eta irlako ekosistemaren zaintzari arreta berezia jarri nahi izan die bai Cristinak, bai udalak. Horregatik, hasieratik Aranzadi Zientzia elkartearekin lan egin dugu, baita Aztirekin ere. Eta horregatik, Cristina Enea Fundazioaren ardura da bisiten kudeaketa egitea, Cristina Enea Fundazioa delako hirian ingurumenaren kudeaketa ikuspuntutik hori bermatu dezakeen eragile adituena.
Eneko Goiaren proiektu pertsonal moduan uler dezakegu Hondalea?
Inondik ere ez. Niri egokitu zait alkate bezala Cristinaren amets bati bide ematea. Gauzak gertatu behar dutenean gertatzen dira, eta ziur aski ordua iritsi zen Cristina Iglesiasek bere hirian zerbait egiteko.