Urrezko danborretik brontzezko eskulturara
‘Hondalea’ Santa Klara uhartera iritsi ahal izateko prozesua luzea izan da. Bost urte egin behar dugu atzera: Cristina Iglesiasi Urrezko Danborra eman zioten urtera.

Donostia Europako Kultur Hiriburua izan zen 2016an, eta San Sebastian eguneko Urrezko Danborra Cristina Iglesias artista donostiarrak jaso zuen. “2016an, kulturari eskainitako urte honetan, argi eta garbi ikusi da mota honetako artista honi bere hirian errekonozimendu hau egitea”, azaldu zuen Eneko Goiak orduan. “Hunkiturik” jaso zuen Urrezko Danborra Iglesiasek.
Handik urtebetera publiko egin zen albistea: “Santa Klarako itsasargian lan artistiko bat egingo du Cristina Iglesiasek”, esaten zuen Irutxuloko Hitza-ko lerroburuak. Bere sorterriari lana dohaintzan eman nahi ziola esan zuen artistak.
Antza, Cristina Iglesiasek aukeratu zuen kokalekua, naturaren babesarekin eta urarekin duen loturarengatik.
Udala eta Pasaiako Portu Agintaritza akordio batera iritsi ziren itsasargiaren eraikina egokitzeko, eta 30 urteko lizentzia adostu zuten, eta beste bost urtez luzatzeko aukerarekin. Hasierako aurrekontua 1,4 milioi euro ingurukoa bazen ere, azkenean 5 milioi euroko kostua izan du. Udal gobernuaren legealdiko egitasmo esanguratsuenetakoa da itsasargiarena. Jon Insausti Kultura zinegotziak azaroko udalbatzarrean nabarmendu zuen: “Hiri honek kultura alorrean duen apustu eta inbertsio handienetakoa da. Antzoki Zaharra 1843an zabaldu zenetik, hiriak beti izan du kultura alor garrantzitsu gisa, indartzeko eta sustatzeko ardura. Horren erakusgarri dira, besteak beste, Viktoria Eugeniaren irekiera, udako jaialdien sorrera, hiriko kultur etxeen sarea, Haizearen Orrazia, Bakearen Usoa, Oteizaren Pasealeku Berriko artelana eta Tabakalera. Cristina Iglesiasen lanak mugarri berri bat jartzen du bide luze horretan. Hiriak duen kultura nortasuna eta propioa sakonduz”. Udalbatzako erdiak baino gehiagok babesten du proiektua, eta diote herritarren gehiengoa dagoela alde.
Helikopteroa uhartera
2019ko urrian hasi ziren eraikuntza lanekin. Lehenik, uharteko itsasargia hustu eta birgaitu zuten, eta ondoren, 2020ko udan, helikoptero bidez eraman zuten eskultura itsasargira.
Pasa den abenduan egin zuten publiko eskulturaren izena: Hondalea. Beñat Sarasola idazlearekin lankidetzan egindako ikerketa saio baten ondoren aukeratu zuen izena artistak. Hautatutako hitzak itsas konnotazio argia du. Euskaraz “itsas leizea” esan nahi du.
Aurten amaitu dituzte lanak: itsasargian eskultura kokatu eta egokitu eta gero, inguruko bideak eta sarrerak birgaitu dituzte. Dena prest dago: bihartik aurrera Hondalea bisitatzeko aukera izango dute herritarrek.