40 eta 49 urte artekoak txertatzen hasiko dira gaur
Osakidetzak jakinarazi duenez, 40 eta 49 urte arteko herritarrak txertatzeari ekingo diote gaur. Gainera, bigarren dosia jartzen jarraituko dute funtsezko kolektiboetako 60 urtez azpiko langileei. Osasun agintariek pauta osatzeko Pfizerren txertoa jartzea gomendatu dute, baina AstraZenecarena hartu nahiko lukeenak horretarako aukera ere izango du, dokumentu bat sinatuta.
Gainera, Illunbeko zezen plazaren hondar gunea txertaketak egiteko prestatu dute, egunean jende gehiagori txertoa jarri ahal izateko. “Postu berri hauei esker, egunean txertaketak ia bikoizteko aukera izango dugu”, adierazi du Eli Barandiaran Donostiako Ospitaleko erizainen zuzendariordeak. Ahalbidetu dituzten postu berrietan, egunean 4.000 eta 5.000 txerto artean jarri ahal izango dituzte, eta zehazki, Pfizerren bigarren dosiak jarriko dituzte.