Donostiak eta Miarritzek lankidetza hitzarmena sinatu dute
Maider Arostegi eta Eneko Goia alkateek agerraldia egin dute Miarritzeko Bellevue zentroan. Donostiak eta Miarritzek bi hirien arteko lankidetza irudikatu dute memorandumaren sinadurarekin. Horri esker, bi hirien arteko lankidetza sendotuko da, eta hainbat arlotan erronka komunei aurre egingo diete; hala nola, hirien arteko mugikortasunean, biztanleriaren zahartzean eta turismoaren erakargarritasunean, eta horrek bertako biztanleen eguneroko bizitzan duen eraginean.
Bi alkateek lan jardunaldia egin dute bi hirietako zinegotzi eta teknikariekin. Hainbat gai jorratu dituzt lau mahaitan: Ekonomia eta Mugikortasuna, Kultura eta Komunikazioa; Turismoa eta Kongresguak eta Euskara eta Kirolak.
“Gauza asko ditugu komunean eta ziur gaude esku artean ditugun erronkei eta proiektuei aurre egiteko erantzunak bion mesedetan izango dira. Hortaz, iparralde eta egoaldearen arteko lankidetza egiteko udalak gara marko egokiena, hiritarrei erantzun zuzena ematen diegulako”, azaldu du Goiak. Aldiz, Arostegik nabarmendu du iparraldearen eta hegoaldearen arteko lankidetzari bultzada eman diotela: “Egun hainbat administrazioaren artean dagoena indartuko du, eta bi hirien artekoa sendotuko du, bultzatuko ditugun proiektuei esker”.
Hainbat bisita
Bi delegazioen arteko lan jardunaldia hasita, alkateek Miarritzeko aireportura joan dira, eta han, iparraldeko eta hegoaldeko hiritarrentzat onurak izango dituen lankidetza aztertu dute. Horrekin batera, garraio publikoan aukera berriak sortzeko –errepidez zein trenez– aukerei buruz hitz egin dute bi hirien arteko lotura hobetzeko. Jarraian Bidarteko Teknopolora bisita egin dute, eta han, teknologia parkeen arteko lankidetza izan dute hizpide. Era berean, ingurumenarekin lotura duen laborategi teknologikoa bisitatu dute.
Jarduera turistikoa aztertu dute Hotel du Palais-en instalazioetara egindako bisitan. Bi hirien arteko lankidetza turismo arloan aztertu dute, izan ere, erronka antzekoak dituzte, eta turismo jasangarriari buruzko estrategiak partekatu dituzte. Arratsaldean, kultura izan da agendaren protagonista. Lehenik, Gare du Midi-ra gerturatu dira alkateak, eta bertan, udalen, Thierry Malandain Ballet Biarritz zentro koreografikoaren eta Viktoria Eugenia Antzokiaren arteko lankidetza sinatu dute, jarduera bultzatzeko. Azkenik, Zigor tailerra bisitatu dute. Han, Kepa Akixo artistarekin egoteko aukera izan dute, eta Donostian laster egingo duen erakusketari buruz hitz egin dute.