"Fiskaltzak 'Hondalea'-ko lanen kontratazioen espedienteak eskatzen baditu, udalak helaraziko ditu"
Donostiako Udaleko LAB sindikatuak salatu du Hondalea eraikitzeko eta itsasargia berritzeko lanen adjudikazioan irregulartasunak egon zirela. Argia hedabideak eman du horren berri, eta sindikatuak sare sozialetan zabaldu du salaketa. Horren inguruan galdetuta, Eneko Goia alkateak baieztatu du horren berri baduela. “Kontratazioaren inguruko zalantzak omen dituzte. Esan dezakedana da adjudikazioak legez eta zuzen egin direla”, esan du Goiak.
HONDALEA, irlaren HONDAMENDIA.
— LAB Donostiako Udala (@LABudaladonosti) June 8, 2021
Donostiako Udaleko LABeko Sail sindikalak, Santa Klara irlan Hondalea eskultura jartzeko egin den tramitazio urbanistikoa Gipuzkoako Fiskaliara eraman du irregulartasunak daudelakoan. Bihar informazio osoa zabalduko dugu. #HondaleaGardetasunaOrain pic.twitter.com/zTqznQQFHS
LABen arabera, LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zuten eraikinaren birgaitzea zuzentzeko lana. Hori dela eta, Gipuzkoako Fiskaltzaren eskuetan utzi dituzte uharteko lanak gertutik jarraitu dituzten langileek helarazitako informazioak eta salaketak. “Fiskaltzak ‘Hondalea’-ko lanen kontratazioen espedienteak eskatzen baditu, udalak helaraziko ditu”, azpimarratu du Goiak.