Herritarrek Partaidetza Aurrekontuetako 93 proposamenen bozketan parte hartuko dute
Hilaren 14tik aurrera, donostiarrek botoa eman ahal izango dute 2022 eta 2023 urteetako Partaidetza Aurrekontuen proposamenen hautaketa prozesuan. Guztira 555 proposamen jaso ditu udalak, horietatik 419 azterketa fasera pasa ziren, eta, azkenik, 93 dira bozketa fasera iritsi direnak. 3,4 milioi euro banatuko dira bozketa fasean lehenesten diren proiektuen artean, aurrekontua agortu arte. Kopuru horretatik 421.000 euro Ekialdeko Barrutiak 2022ko aurrekontutik bideratutakoak dira.
Azterketa fasera pasa diren 419 proposamenetatik, 62 hirirako egin dira, eta 358 auzoetako proiektuetarako; Aiete (42), Altza (37) eta Egia (35) dira proposamen gehien jaso dituztenak. Proposamen horietako bakoitza dagokion sailera bideratu da, azter dezaten. Azterketa horretan 16 zuzendaritza eta 90 udal langile baino gehiagok hartu dute parte. Proposamen gehien jaso dituen arloa Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zuzendaritza izan da (128), eta ondoren Mugikortasunekoa (115).
Proposamen horien %75 pertsona fisikoek aurkeztu dituzte eta %25 elkarteek. Generoari dagokionez, %45,48 emakumeek aurkeztu dituzte, %54,28 gizonek eta %0,24k beste genero bat adierazi dute. Proposamen gehienak 30 eta 64 urte bitartekoek egin dituzte (322); gazteenek, berriz, 21 proposamen aurkeztu dituzte eta 65 urtetik gorakoek 77.
Azken fasea
Zuzendaritza bakoitzak proposamenak aztertu ondoren, 93 bozketa fasera pasa dira. Horietatik bost hirirako dira, oro har, eta gainerako 88 proposamenak hiriko 15 auzoen artean banatzen dira, Altza (12), Aiete (9) edo Loiolako Erriberak (8) buru direla.
Ekialdeko Barrutiak hemezortzi proposamen jaso ditu guztira, eta horien artean esleituko dira Barrutiko aurrekontu propioko 421.000 euroak. Hirirako 2022 eta 2023 Partaidetza Aurrekontuetara bideratutako beste 3 milioi euroak gainerako 75 proposamenen artean esleituko dira, bozketa fasetik datorren lehentasunaren arabera, aurrekontua agortu arte.
Bost proposamen
Esan bezala, bozketa datorren astelehenean, hilaren 14an, hasiko da. Bi astez, 16 urtetik gorako eta Donostian erroldatuta dauden pertsona fisikoek bost proposamen aukeratu ahal izango dituzte. Hala, lehentasunezko proposamenen zerrenda egingo da (zerrendako lehen proposamena bozkatuena izango da eta azkena gutxien bozkatutakoa).
Parte hartzeko moduak bi dira. Internet bidez, Donostiako Udalaren webgunean horretarako sorturiko atalean egin ahalko da. Herritarren Partaidetzako bulegoan ere bozkatu ahalko da aurrez aurre. Ordea, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik.