Nizuri Tazuneri talde donostiarra bueltan da, 'Anubis' diskoarekin
Nizuri Tazuneri rap bikote donostiarrak Anubis diskoa argitaratu du, taldearen hirugarren lan luzea. Norzzone eta Fani rap abeslariek osatutako bikoteak azaldu duenez, pandemiak baldintzatutako azken urte honetan idatzi dituzte diskoko abestiak, “jada gure artean ez daudenak omentzeko”.
Ganbara estudioan grabatu dute diskoa, eta Maialen Lasartek egin du azaleko diseinua. Azken asteotan Edonola eta Irauten singleak argitaratu ostean, lan osoa entzungai dago jada plataforma digitalean; Taupaka.eus atarian ere deskargatu daiteke. Anubis-en aurretik, Musika ala hil eta Zazpi diskoak argitaratu zituzten donostiarrek.