"Selektibitatea gaur egungo hezkuntza sistemaren isla da"

Selektibitatea egiten ari dira unibertsitatera joan nahi duten ikasleak, eta Ikasle Abertzaleak ikasle antolakundeak proba horrek bultzatzen duen ikasleen arteko lehiakortasuna salatu du, besteak beste, Ibaetako campusean.
Selektibitatearen aurka azaldu dira hamarnaka ikasle Ikasgelategiaren azpian egindako elkarretaratzean. Izan ere, COVID-19ak egoera okertu egin du, Malen Ubiria Ikasle Abertzaleak antolakundeko kidearen arabera: “COVID-19ak nabarmenki okertu du hezkuntzaren kalitatea, eta horrek ekartzen du ikasleek klase partikularrak jaso behar izatea. Familia txiroenek klase horiek ezin dituztenez ordaindu, hezkuntza segregazioa dago, ikasle txiroenek aukera gutxiago dituztelako”.
Ikasteko era ere salatu dute: “Azterketa mota honek saritzen du ikasle mota baten ikasteko modua: memorizatuz eta paper batean botaz guztia”, adierazi du Ubiriak.
Arrazoi horien ondorioz daude selektibitatearen aurka. Hala ere, IAren iritziz arazoa orokorragoa da: “Ez dugu uste auzia denik selektibitatea ezabatzea edo uztea: gaur egungo hezkuntza sistemaren isla da azterketa eredu hau. Nork du hezkuntzaren gaineko kontrola? Noren interesei erantzuten die? Guk uste dugu hezkuntza kokatu beharko zela langileon interesen alde, eta ez gaur egun dagoen bezala: burgesiaren interesen alde”, azaldu du Malen Ubiriak.