Ezker Anitzak adierazi du ezinbestekoa dela Hondalearen kontuen ikuskaritza egitea
Ezker Anitzak salatu du Hondalea proiektuaren gainkostua “neurrigabea” dela, 1,5 milioi euroko kostua izatetik 5 milioikoa izatera igaro baita proiektua garatzen joan den heinean. Donostiako Udalaren kudeaketa ere salatu du Ezker Anitzak: “Hasiera batean lan artistiko baten dohaintza zena diru publikoaren xahutze bihurtu da”.
Proiektuaren gainkostua “onartezina” dela adierazi du alderdi ezkertiarrak, eta gehitu dute oraindik kostuak gora egin dezakeela; izan ere, Ezker Anitzak azpimarratu du duela bi aste, lana amaituta zegoenean, Udal Gobernuak Hondalearen aurrekontua 246.000 euro handitu zuela. Bestalde, azken tokiko gobernu batzordean 183.500 euroko aurrekontua onartu zen, ekainaren eta urriaren artean egingo den Hondalearen promozio eta marketing kanpaina baterako.
Arrazoi hauek direla eta, Ezker Anitzak ezinbestekoa ikusten du Hondalea proiektuaren kontuen ikuskaritza egitea, “diru publikoaren kudeaketa fiskalizatzeko”.