Isabel II.aren etorbidean bidegorri bat kokatzeko eskatu dio auzo elkarteak udalari
Amara Berriko Isabel II.aren etorbidea berritzen ari dira, eta Amara Berri Auzo Elkarteak eta Kalapie elkarteak Donostiako Udalari eskatu diote kalean bidegorri bat jartzeko, semaforizazioa pixka bat egokituta. Horrela azaldu dute: “Gaur egun, 30 errei berria martxan dela, trafikoa arautzen duten hiru semaforo-egoera daude. Guk laugarren bat proposatzen dugu bizikletentzako trafikoa askatzeko. Gaur egun, semaforo-sekuentziaren iraupena 01:30 minutukoa da, eta sekuentzia horri 15 segundo gehituta, bizikletentzako zirkulazio arina izango genuke, inorentzat arriskurik gabe, eta auzorako eta bere mugikortasunerako bizikleta-errei bat. Hori guztia, egiten ari den hobekuntza obraren barruan kostu txiki batekin”.
Bidegorriak Isabel II.aren etorbidea alde batetik bestera zeharkatuko luke: Irun plazatik Karlos I.aren etorbideraino. Horrela, auzoa ekialdetik mendebaldera lotuko litzateke bidegorriaren bidez, auzo elkartearen arabera.
Bidegorria eraikitzeko proposamena berritze lanak hasi aurretik egin zuten auzo elkarteak eta Kalapiek, baina udalak ez zuen aintzat hartu. Orain, lanen atzerapena dela eta, “une egokia” dela deritzote bidegorria eraikitzeko. Udaleko oposizioko taldeek babestu egin dute proposamena, eta datorren asteko mugikortasun batzordean aurkeztuko diote Pilar Arana zinegotziari.
Berritze lanak, aurrera
Isabel II.aren etorbideko berritze lanak aurrera doaz. Atari bikoitiak dauden espaloiko lanak amaitu dituzte –taberna gehienak hor daude–, eta espaloia 6,37 metrokoa izatetik 13,55 metrokoa izatera pasatu da. Atari bakoitietako espaloiko lanak bi eta hiru hilabete artean atzeratuko dira, amiantozko hodiak agertu direlako: horiek kentzeko prozedurak atzeratuko ditu obrak.
2020ko azaroan hasi ziren berritze lanak, denboraldi batez udalak proiektua eten eta gero. Isabel II.aren etorbidearen berrikuntza lanei esker, oinezkoentzako guneak handitu egingo dira, eta zirkulazio bideak eta aparkamenduak berrantolatuko dituzte. Aldaketarekin, etorbideak dituen lau erreiak bi izatera pasako dira, orain arteko noranzkoak mantenduz. Zenbaki bikoitien espaloia dagoeneko zabaldu dute. Bakoitiena, bestetik, handituko da ere, baina neurri txikiago batean, errepideko aparkamendu lerro bakarra mantenduz. Bestalde, Irungo plazan ere hobekuntzak egingo dituzte.