San Telmo Museoko kanoiak Motako gaztelura igo dituzte
San Telmo Museoak azken hilabeteetan klaustroan izan dituen kanoiak igo ditu gaur museotik Urgullera, Motako gazteluaren zabalgunera.
Kanoiak mendian kokatzearekin batera, museoak horien inguruko informazioa argitaratu du webgunean eta hitzaldia eta joko bat ere antolatu ditu, herritarren eskura jarriz hiriko ondarearen eta historiaren ezagutza.
Gainera, aurten, iaz ez bezala, Urgull mendiko hiru zentroak zabalik egongo dira udan eta haurrentzako jarduerak eskainiko dituzte: Historiaren Etxeak hilaren 18an zabalduko ditu ateak; Natur Txokoak eta Liburutegiak, berriz, uztailaren 1ean.
Museoaren bildumako kanoiak
San Telmo Museoaren artilleriako bildumak 48 kanoi dauzka, horietako 36 Urgull mendian zehar barreiatuak daude, gaur Urgullen jarritakoak kontuan hartuta: 4 mendian zehar, 16 Motako gazteluaren kanpoaldeko zabalgunean, 13 Historiaren Etxean, 1 San Telmo Museoan eta 2 Aquariumen.
Kanoi horien artean kategoria asko daude, baina bi tipologia nagusi bereiz daitezke: lehorreko kanoiak eta ontzikoak. Gehienak burdinurtuzkoak edo forjazkoak dira, eta gutxi batzuk brontzezkoak. Duela bi hamarkadatik hona, San Telmo Museoak Zaharberritze eta Kontserbazio Prebentiboko Plana du Urgull mendiko gotorlekuetan dagoen artilleria bilduma zaintzeko.
Itsas artilleriako kanoiak zaharberritzearekin eta Urgullen jartzearekin planaren lehen fasea amaitu da. Fase horretan, modu programatuan, artilleriako pieza guztiak zaharberritu dira lekuan bertan edo Gordailuko instalazioetan.
Hona hemen, Joseba Parron San Sebastian argazkilariaren irudi bilduma:
Jokoa
Museoak kanoien inguruko jokoa jarriko du martxan uda honetan, hilaren 9an hasita. Hilero kanoien inguruko galdera bat egingo du webguneko atal berrian eta sare sozialen bidez iragarriko du. Erantzunak San Telmo Museoan edo Historiaren Etxean (Motako gazteluan) utzi ahal izango dira, horretarako prestatutako kutxan. Ekaineko galdera hilaren 9an argitaratuko da; uztailekoa, hilaren 1ean; abuztukoa, hilaren 2an, eta irailekoa, hilaren 1ean.
Hilabete bakoitzeko parte hartzaileen artean museoak zozketa egin eta sari hauek banatuko ditu: Joris Hoefnagels-en Donostiako XVI.mendeko grabatuaren erreprodukzioa, San Telmo Museoaren dendako objektu sorta bat eta San Telmo Museorako hiru sarrera bikoitz. Museoa irabazleekin jarriko da harremanetan.